“Guk sortu eta eraiki genuen itsasontzia, geure eskuekin”

Bisitari berezi bat du egunotan Bilboko Itsas Museoak, Errusiatik etorritako Shtandart belaontzi historikoak bere arrapalak jarri baitizkie Zorrotzaurreko kaira hurbiltzen ari diren kuxkuxeroei. Shtandart, Pedro Handia tsarraren ontzi kuttunena, XVIII. mendeko Errusiako inperioaren sinboloetako bat da. Ahalik eta modu fidelenean egindako erreplika batek Bilbon egin du geldialdia, Vladimir Martus kapitainaren gidaritzapean. “XVIII. mende hasieran Errusiak Itsaso Baltikoan sarbidea irabazi zion Suediari, eta, horri esker, San Petersburgo, etorkizunean inperioaren hiriburua izango zena, sortu zen Neva ibaiaren ahoan. Handik gertu, Olonetseko ontzioletan, Baltikoko lehen ontzi errusiarra eraikiarazi zuen Pedro Handiak, bera kapitaina izango zelarik. Ontziari Shtandart izena jarri zioten”, azaldu du Martusek.

Bisitak irauten duen bitartean kapitaina ontziaren beheko solairuan gordetzen da, intimitatean, bisitarien begiradatik kanpo. Kapitain txapela buruan, begi urdinetatik itsasoarenganako maitasuna igartzen zaio, horrek bultzatu baitzuen hain asmo handiko proiektu honi ekitera. Elurraren gaineko windsurflari den horren —munduko txapelketa batean bigarren postua lortu zuen— benetako zaletasuna itsasoa da. Pedro Handiaren belaontzia eraiki aurretik Pirates of The Caribbean pelikulan erabilitako ontzi bat ere eraiki zuela dio, Saint Peter izenekoa. Hala ere, bere benetako maitea Itsas Museoaren parean dagoen ontzia da, bertan inbertitu baitu denbora gehien. Ontzi horren anaia handiaren historiaz galdeturik, irribarre bat marrazten zaio ahoan. “Benetako Shtandart 1703an itsasoratu zen, San Petersburgo hiria sortu zen urte berean. Pedro Handia pertsonai oso garrantzitsua da errusiarrentzako, herrialdearentzat lan asko egin baitzuen. Arotz bezala ibili zen, eta Europako beste herrialde batzuk bisitatu zituen bertako teknikak ezagutu eta bereganatzeko”.

1992an otu zitzaion belaontzia eraikitzeko ideia Martusi. “Garai hartan, bost milioi biztanle zituen San Petersburgok, eta ez zegoen inongo belaontzirik”. Aro komunista bukatu berri zegoen. “Pentsatu nuen jendeari interesgarria irudituko zitzaiola Errusiaren historian hain garrantzitsua izan zen zerbait berreskuratzea. Artxiboetara joan eta pieza historiko hau aurkitu nuen”. Esan daiteke kapitainak tsarraren eta haren emazte Katalina I.aren desioa berreskuratu zuela, jatorrizko ontzia 1927an desagertu baitzen: “Katalinak bere senarraren omenez itsasotik ateratzea erabaki zuen, eta handik gutxira ontziaren egurra usteldu zen”. Hor bukatu zen tsarrari hainbeste poztazun eman zizkion ontziaren historia.

Horren ostean erreplika bat eraikitzeko asmoa izan zuten, baina ez zen inoiz gauzatu. Ia 300 urte igaro behar izan dira, Martusek proiektuari berriz ekin eta eskuz erreplika bat eraikitzeko. “Ikasleak ginen garai hartan, eta guk geuk egin genuen prozesu guztia, gure eskuekin. Nire alboan Victor Krainyokov historiatzailea izan nuen hiru urtez, bera arduratu baitzen artxiboan zegoen informazio apurra batzeaz. Basora joaten ginen egurren bila, eta guk geuk egindako tresnez eraiki genuen dena, ahalik eta modu artisauenean. Aurrezkiak bertan xahutu nituen, beraz gauez taxi gidari bezala aritzen nintzen bizirauteko. Etxebizitza bat ere eraiki genuen ontzia sortzen ari ginen lekuan “, dio Martusek.

Zuakerrak —itsasontziaren egitura—egiteko bi urtez aritu ziren Martus eta bere lagunak, eta garai hartan lortu zuten beren proiektua posible egiten lagunduko zuen lehen babeslea: Dolphins Exhibitions izeneko enpresa bateko arduraduna.

Ontziaren izenari dagokionez, inperioaren estandartearen omenez ipini zioten. 1701a baino lehenago, arrano batek Errusiako inperioaren menpe zeuden hiru itsasoen (Azovekoa, Beltza eta Txuria) mapak eusten zituen. Garai hartan, tsarra Herberehekin aritzen zen merkataritzan. Baina erdian Suedia zegoen. Eskandinaviako herrialdea menperatu ostean, Baltikoko itsasoaren kontrola bereganatu zuen Errusiak, eta hori dela eta Shtandart-aren armarria lau mapa eusten dituen arrano bat da.

Ontzigintzaren etorkizuna

Belaontziak 34,5 metroko luzera eta 6,9ko zabalera dauka. Masta 33 metro da garai. Eta bela guztiak zabaltzen direnean, 620 metro karratuko azalera osatzen dute. Hilaren 24ra arte izango da ikusgai. “Alde batetik, argi dago museo baten funtzioa betetzen dugula, baina bestetik jende gaztea hezteko aukera bat eskaintzen dugu”, uste du kapitainak.

Ez dira garai onak ontzigintzarentzako, baina Martusek bere alde ona ikusi nahi dio egoera honi: “Geroz eta jende gehiagori gustatzen zaizkio mota honetako ontziak. Interesa dagoen bitartean etorkizuna egongo da”. Belaunaldi berriek berak daukan gogoa eta grina izango balute, ontzigintzak zalantzarik barik etorkizun oparoa izango duela sinetsita dago.