Antzinako burdinoletatik ibilaldia egingo dute etzi, Enkarterrin

Barbadun ibaiaren arroan kokatutako burdinola, errota eta dorretxeak ezagutzeko eta horiei buruzko historiaren berri izateko ibilaldia antolatu dute domekarako Enkarterriko Museoak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek. Bosgarren aldia da aurtengoa. Ibilbidearen helburua “Enkarterriko industria ondare aberats eta ugariaren” berri ematea da.

Jarduerak kultura eta historiaren aldetik izan dezakeen erakargarritasunaz gain, paisaiaren aldetik duena gehitzen zaiola azaldu dute antolatzaileek. Izan ere, ibaian, larreetan, mendian eta basoetan barrena ibiliko dira.

Ibilaldian parte hartu nahi duenak izena aurretiaz eman behar du Enkarterrimuseoa.net webgunean, doan. Lekua geratuko balitz, domekan bertan ere eman daiteke 08:15etik aurrera. Gehienez 500 lagun joan daitezke.

24 kilometroko ibilbidea izango da. 09:00etan aterako dira Muskizko San Juan plazatik. Galdames eta Zalla igarota, Sopuertako Enkarterri Museoan bukatuko dute, 14:00 aldera. Ibilbidean, gainera, jateko eta edateko bi leku prestatu dituzte. Buelta osoa bukatu ostean, Muskizera itzultzeko doako autobus zerbitzua izango da.

Elbarriek ere parte hartu ahal izango dute ibilbideko zati jakin batean, museoak Gorabide elkartearekin elkarlanean garatzen duen proiektu bati esker: Pobal eta Valdivian (Galdames) artean, hain zuzen.

IBILBIDEA

Ateratzeko ordua. 09:00etan, Muskizko San Juan enparantzan.

Iritsi. 14:00 aldera, Sopuertako Enkarterri Museora. Bueltarako doaneko autobusa egongo da Muskizera itzultzeko.

Izena eman behar da. Parte hartzeko izena eman behar da aurretiaz Enkarterrimuseoa.net helbidean. Lekua baldin badago, egunean bertan ere eman daiteke 08:15ean. Doan.

Informazio gehiagorako. 656 411 760 telefono zenbakira dei daiteke.