Denborak ez ditu aldatu gizon eta emakumeen rolak

Zertan erabiltzen dute bilbotarrek euren denbora? Emakume eta gizonek gauza batzuetarako eta besteetarako darabilten denbora berdina al da? Era horretako galderei erantzuten dien txostena aurkeztu berri du Bilboko Udaleko Berdintasun, Lankidetza eta Herritarren Sailak: Bilboko denboraren erabilera sozialei buruzko ikerketa, hain zuzen ere. Oro har erreparatuz gero, behar fisiologikoetara bideratzen dute gizonek zein emakumeek egunaren ia erdia. Hau da, 11 ordu eta 59 minutu gizonek eta sei minutu gutxiago emakumeek, atseden hartzen, nork bere burua zaintzen eta otorduak egiten igarotzen dituzte. Gainerako denbora, lanarekin lotutako jardueretan ematen dute, besteak beste ordaindutako lanetan, trebakuntzan, etxeko lanetan eta etxeko pertsonak zaintzen.

Emakumeek, baina, ordubete gutxiago ematen dute ordaindutako lanetan, bi ordu gehiago aritzen dira etxeko lanetan, eta 46 minutu gehiago etxeko pertsonak zaintzen. Datuok astelehenetik barikura artekoak dira. Gizonei dagokienez, etxeko lanak egiteko darabilten denbora ez da bi ordura iristen. Asteburua heltzen denean, emakumeek askoz denbora gehiago ematen dute behar fisiologikoak asetzen: atseden hartzen eta otorduak egiten, hain zuzen ere.

Azterketak agerian utzi du emakumeek egiten duten “lanaldi bikoitza”. Izan ere, ordaindutako lanean gizonek zazpi ordu eta 47 minutu egiten dituzte, eta emakumeek, berriz, ordubete gutxiago egiten dute. Hala ere, euren denbora gehiena ordaindutako lanean eman arren, denbora gehiago ematen dute etxeko lanetan eta etxeko pertsonak zaintzen. Ordaindutako lanari etxeko lana gehitzen zaio, beraz.

Txostenaren arabera, ikerketak “argi utzi du” gizon gehienek laneko jardueraren arabera antolatzen dutela eguneroko denbora; emakumeentzat, berriz, etxeko lanak eta zaintza lanak garrantzi handiko jarduera produktiboak dira, bakarrak ez badira.

Datu zehatzak aztertuz, andreek, batez beste, sei ordu eta 41 minutu ematen dituzte ordaindutako lanean; gizonek, zazpi ordu eta 47 minutu. Ordaindu gabeko lanei dagokienez, bost ordu eta erdi eskaintzen diete andreek; hiru ordu pasatxo, gizonek. Lan produktiborako denboraren barruan, hala ere, emakumeek atsedenaldirik ez egiteko eta laneko orduetan trebakuntzarik ez jasotzeko joera dutela dio azterketak. Gizonek, ordea, “lanean ordu gehiago eman arren, atsedenaldi gehiago egiten dituzte eta trebakuntza jasotzen dute lanaldiaren barruan”.

Etxeko lanetan, Bilboko emakumeek hiru ordu eta erdi ematen dituzte, eta gizonak, berriz, ez dira ordu eta erdira iristen. Adinaren arabera, dena den, murriztu egiten da batzuek eta besteek etxeko lanetan ematen duten denbora. Hain zuzen, 34 urtetik beherakoek ematen dute denbora gutxien lan horietan. Kasu horietan ere emakumeen dedikazioa gizonezkoen bikoitza da. Ikasketek ere badute zerikusia alor horretan, azterketaren arabera: oinarrizko ikasketak dituztenek batez bestekoak baino ordu gehiago ematen ditu lanotan: lau ordu eta 18 minutu. Goi mailako ikasketak dituztenek, ordea, bi ordu eta 26 minutu egiten dituzte.

Zaintzari dagokionez, emakumeek denbora bikoitza ematen dute haurrekin. Dena den, jolasetan eta heziketa jardueretan parte hartzea berdinduago dago sexu bien artean.

Aisialdiari erreparatuz gero, erlaxatzen ematen dute denbora gutxien bi sexuek —ordubete—. Emakumeek, gainera, kirolari ere tarte gutxi eskaintzen diote: ordubete eta hogei minutu. Azterketak ondorioztatu duenez, emakumeek, oro har, gutxiago parte hartzen dute aisialdian gizonek baino, eta denbora gutxiago eskaintzen diote. 34 urtetik beherako emakumeek dute aisialdi aktibo gutxien (%17,8) 60 urtetik gorakoekin alderatuta (%21,9). Aisialdi aktiboan sartzen dira,besteak beste, kirolen bat praktikatzea edo paseatzea. Gizonen kasuan, adin batean eta bestean, portzentajeak antzekoak dira: %21,7 gazteagoetan eta %22 60 urtetik gorakoetan.

Ikerketa hori egiteko, aurrez egindako beste lan batzuk erabili dituzte; besteak beste, 2003ko EAEko Denboraren Aurrekontuen Inkestako txostena, Bilboko 2008ko datuak, Eustaten lan batzuk —Denboraren erabilera soziala 2008 eta Bizi-baldintzak 2009— eta Bilboko txostenak —esate baterako, Auzo behatokia: Ikerketa genero ikuspegitik eta Bilboko Gizon eta Emakumeen arteko III. Berdintasun plana—.