“Talde ideia transmititu nahi izan dugu lanean”

Bihar, Igorren egongo da ikusgai Metrokoadroka sormen laborategiaren Zertarako hegoak ikuskizuna. Oier Guillan zuzendariak antzezlanaren nondik norakoen berri eman du.

Nola sortu zen antzezlan hau BERRIAren 10. urteurreneko ospakizuneko egitarauan sartzeko ideia?

Propio horretarako sortutakoa da Zertarako hegoak. Joan den urteko uda baino lehen iritsi zitzaigun enkargua, BERRIA Taldearen eskutik, hamargarren urteurrenaren harira antzezlan bat egiteko, laguntza eman dion jende guztiari opari bat egin nahian. Guk gogoz hartu genuen erronka hori, eta berehala hasi ginen lanean. Izan ere, oso gertukoa dugu BERRIAren proiektua, gizartearen zati bezala noski, baina baita kulturgintzatik ere. Euskaraz lan egiten dugun heinean ez dago espazio asko gure lanaren berri emateko, eta BERRIA bezalako hedabide bat funtsezkoa da gure lana plazaratzeko orduan. Baita kultura euskaraz bizi duen jendearengana iristeko ere.

Zein da lanaren argumentua?

Egoera absurdo batetik abiatzen da antzezlana. Aurkikuntza harrigarri baten berri ematen du egunkariak: pertsona normal orok ditu super botereak. Baina aurkikuntza honek arazo bat du: ezertarako balio ez duten super botereak dira topatu dituztenak. Egunero edozein pertsonak senti dezakeena da, azken finean. Botere bat eduki dezake edonork gizartean, baina askotan sentsazioa da ez digula ezertarako balio. Kasu honetan, protagonistak hegoak ditu, baina ez dute hegan egiteko balio.

Zein mezu nahi duzue transmititu?

Pertsona bakoitzak inguruan eragiteko duen beharraz ari da Zertarako hegoak antzezlana. Norbanakoak eta taldeak elkarri nola eragiten dioten ikusi ahal izango da, talde ideia transmititu nahi dugu. Gure lan egiteko ideia ere kolektiboa da, eta BERRIAren atzetik dagoena ere kolektiboa edo komunitatea da. Mezuari begira, esan dezakegu gutasun hori presente dagoela proiektu honen alderdi guztietan.

Bihar estreinatuko duzue ikuskizuna Bizkaian; urduritasunik bai?

Estreinaldi guztietan urduri egoten gara, baina horrek tentsio positiboa sortzen du. Publiko zabal batengan pentsatuta egin dugunez, umoretik jo dugu. Gogoeta batetik abiatzen den arren, umore eta jolas asko dago.