“Komunitatera zabaldu nahi dugu familiaren babes eredua”

Joan den azaroaren 20an egin zuen Alejo Etxart ekonomialariak Transition Network delako mugimenduari buruzko hitzaldia Mungian. Entzuleei gustatu, eta abenduaren 2an Butroi Bidean izeneko taldea sortu zuten: eskualdeko baliabideak aprobetxatu, eta herritarren onurara bideratzeko asmoa duen komunitatea. Kideak kanpoko erasoetatik babestea eta aurre egiteko baliabideak ematea da azken helburua; erresilientzia delakoa. Gehiago jakin edo parte hartu gura duen mungiaentransicion@gmail.com helbidera idatziz jar daiteke eurekin hartu-emanetan.

Zer da Butroi Bidean?

Proiektu orokorrago baten zati da. Gurea, beste leku batzuetara zabal daitekeen probako proiektua izango da.

Eta zein izango litzateke proiektu orokorrago hori?

Egungo garapen eredu ez-iraunkorrari alternatiba bat bilatu gura zaio. Komunitateak garatu nahi dira, erresilientzia eraikitzeko. Erresilientzia berba garrantzitsua da. Kanpoko erasoei ondo erantzuteko gaitasuna da: langabezia, murrizketak, ingurumen erasoak, gizarte mailakoak… Aldaketei erantzuteko gaitasuna da erresilientzia. Berez, pobreziari aurre egiteko sortu zen kontzeptua da. Gu geu ez gara txiroak, baina beste beharrizan eta eraso batzuk ditugu. Hala ere, eraso horiek ez bagenitu ere, berez, eredu ona da. Dena den, baditugu erasoak, gero eta gehiago, eta ezinbestekoa zaigu etorkizuna bermatzeko. Beraz, erresilientzia garatzea eta komunitatea indartzea da gure asmoa.

Zelakoa da komunitate hori?

Kultura latinoetan, familia da erresilientzia handieneko erakundea. Komunitatea familia kontzeptua litzateke, baina handituta, hedatuta. Gaixotasunagatik, langabezian geratu zarelako, dibortziatu egin zarelako… arrazoi askogatik egon zaitezke une zail bat igarotzen, eta familia beti da gordeleku. Babes eremu hori handitzea litzateke gakoa.

Komunitate hori familiatik noraino handitu gura duzue? Herrira? Eskualdera?

Komunitatea komunitate espiritua dagoen lekuan sortzen da. Zaila izango da halakorik Bilbon egotea. Sor daiteke auzoren batean. Errazagoa da, ordea, herrietan eraikitzea; zenbat eta txikiago, hobe. Baina ez beti: adibidez, egoitza multzo modura sortu diren herri txikietan zaila da, indibidualistagoak direlako. Mungia oso aproposa da horretarako. Badago beharrezkoa den giza kapitala. Mungia bera, eta Uribe Butroe eskualdea osorik.

Beraz, zuen asmoa eskualdeko komunitatea sortzea da.

Hala da, horregatik jarri diogu Butroi Bidean izena. 85 lagunetik gora elkartu gara dagoeneko: bioeraikuntzan adituak, nekazaritza ekologikoan diharduten baserritarrak, hezitzaileak, medikuak, abokatuak, informatikariak, ekonomialariak, soziologoak… denetarik gaude tartean. Eta denok gara jakitun hurrengo belaunaldiekiko eta geure etorkizunarekiko dugun erantzukizunaren jabe egin behar dugula. Uste dugu ezin dugula pentsatu administrazioak gure beharrizanak asebeteko dituenik. Orain, ezin pentsa daiteke zergak ordaintzearen truke behar duguna emango digun administrazioa izan dezakegunik. Nahi edo espero dugun hori lortu gura badugu, geure etorkizunaren erantzukizuna geure egin behar dugu.

Nondik dator mugimendu hau?

Mundu osokoa da. Ingalaterran sortu zen, 2007an. Transition Network du izena. Gaur egun, 3.000 komunitate daude kontinente guztietan banatuta. Gure inguruan badira kasu batzuk. Gasteizen hasi ziren halako talde batekin, alde zaharrean. Baina herri handietan halako mugimenduak motelagoak dira, kohesio espiritua falta zaielako. Gauza bera gertatzen zaie Bartzelonan. Andaluzian eta Galizian gogotsu dabiltza. Gehienak sortu berriak dira, gurea legez. Ni mugimendu hauek guztiak koordinatzeaz arduratzen den lantaldean nabil.

Zein berezitasun izango ditu Mungian eta bere eskualdean egin gura duzuenak?

Hau da gure asmoa: gizartean desiragarria den garapena nahi dugu, ingurumena errotik zainduz. Baina horrek guztiak ekonomikoki bideragarri izan behar du. Bestela, utopia bat izango da. Hori da Mungian lortu gura duguna. Kooperatiba misto bat sortuko dugu, kontsumitzaileak eta behargin zein ekoizleek parte hartuko dutena. Arlo askotan egingo luke behar kooperatiba horrek: nekazaritza, abeltzaintza ekologikoa, energia sektorea, uraren kudeaketa, denbora bankua, erosketa komunak… Jarduera horiek guztiak batasunean bideragarri izan behar dute, irabaziak dituztenek galerak dituztenak finantzatuko dituzte. Hori da gurean nahi dugun berezitasuna.

Hortaz, erresilientzia indartuko duen kooperatiba modura laburbil daiteke zuen proiektua?

Hau guztia kontzeptu batzuen nahasketa da. Lehena, Erresilientzia da. Bigarrena, kooperatibismoa. Hirugarrena, komunitateak. Laugarrena, negozio soziala. Negozio sozialak ez du galerarik eragiten, baina ez du dibidendurik ere banatzen. Gizarte gaiak lantzeko sortzen diren enpresak dira; gure kasuan, erresilientzia sortzeko martxan jarritakoa.

Negozio soziala kontzeptuari erreparatuz gero, honako hau ikusiko duzu: gaur egun, negozio errentagarriak nahi dira, gizarteak onartuko dituenak, ahal bada, eta ingurumena errespetatzen duten itxura egiten dutenak. Guk buelta ematen diogu: gizarteak behar duena, ingurumena errotik errespetatuz, bideragarri egiten ahalegintzen gara. Hori da negozio sozial bat. Baina berriz diot: bideragarria izan behar du.

Nola egingo duzue bideragarri? Zeintzuk izango lirateke irabaziak emango dituzten jarduera horiek?

Adibidez, nekazaritzako produktuen salmenta. Ortua da gaur egun garatuen dugun jarduera. Energiaren kudeaketa ere izan daiteke. Goiener kooperatibarekin elkarlanean gabiltza. Egun, energia merkaturatzen ari dira; baina, gerora, ekoizpenean ere jardun gura dute.

Zer asmo duzue energia alorrean?

Kontsumitzaile talde eder bat batuz gero, jende talde dezente bat sortzeko bestekoa, goizero energia pullera joango bagina, eta energia garbi eta banatua erosiko bagenu, halako energia mota hori babestuko genuke eta enpresa handiek eskaintzen dizkiguten prezioak baino hobeak lortuko genituzke. Ez askoz merkeagoak, ez baitago alde handirik lortzerik, baina bai arean hobeak. Halako kooperatiba baten adibidea gura baduzu, Katalunian duzu Som Energia izenekoa.

Posible litzateke eskualdean bertan energia sortzea?

Noski. Eskualdearen ezaugarri fisikoek baldintzatzen dute: haizetsua den, ur-jauzirik duen, baldintza geotermikoak… Gure bailaran, adibidez, ibaian bertan behera utzitako hainbat errota daude, energia sortzeko erabil daitezkeenak. Urari proposa dakioke turbinak jartzeko. Aukerak asko izan daitezke.

Kooperatiba hori noizko izango duzue prest?

Orain sortze prozesuan gaude. Jarduerak zein izango diren zehazten ari gara. Lurraren kudeaketa landuko du, energia, jatetxe bat izan dezakeela pentsatzen dugu, autokontsumo talde bat… Era berean, hainbat kontu praktikorekin ere ari gara.