“Ez zegoen berariazko zereginik; denok egiten genuen denetarik”

Bi hilabeteko bidaia luze bezain aberatsetik lehorreratu berri da Iker Arriaga (Zornotza, 1992). Pakea Bizkaia-ren hirugarren espedizioko kidea da. Azken txanpan egon da zornotzarra, Ushuaia eta Bilbo artekoan, alegia.

Otsailean abiatu zen Argentinarantz, eta domekan heldu ziren Getxoko portura. “Sekulako” harrera egin zietela dio, jendea espero zutela, baina halako jendetzarik ez. Getxora iritsi orduko zetorkienaren aurrerapen gisa, itsasoan ongietorria egin zieten askok. “Lehendabizi pare bat itsasontzi ikusi genituen, baina gero eta gehiago etortzen hasi ziren, denak genituen agurtzen. Bizkaiko Zubiaren bi aldeetan ere jende asko zegoen gure zain”. Getxon lehorreratzeko momentua oso polita izan zela nabarmendu du, familiakoak, lagunak, aurreko txandetako kideak eta bertan zeuden herritarrak ikustea “hunkigarria” izan zela.

Orain dela urte eta erdi izan zuen proiektu honen berri zornotzarrak. “Nautika ikaslea naiz, eta behin Unai eta Gonzalo etorri ziren hitzaldi bat egitera”. Orduan esan zieten eskifaikide bila zebiltzala eta gura zuenak izena eman eta currriculuma bidaltzeko. “Horrela, 80 bat lagun hautatu gintuzten eta haiekin hainbat irteera egin genituen. Hortik, beste aukeraketa bat egin zuten, eta erdiak baztertu”. Horiekin iazko udan Galiziako estropada batzuetan egon ziren. Arriagari Galiziatik etxerako buelta egitea egokitu zitzaion: “Batzuek hara eraman zuten itsasontzia, beste batzuek bertako estropadetan parte hartu zuten eta guk hona ekarri genuen”. Horren ostean, abuztu amaieran Mallorcan lagunekin zegoela jaso zuen albistea. “Unaik [Basurko] deitu eta hautatu nindutela esan zidan. Poz handia hartu nuen”.

Urrian hasi zuten espedizioa gainontzekoek, eta itxaronaldia luze egin zitzaiola onartu du. “Gu otsailaren 3an abiatu ginen Ushuaiara. Azken txanpan, lau ikasle, argazkilari bat eta itsas ingeniari bat egon gara haiekin”. Hara heldu eta ingurua ezagutzeko aukera izan zuten, belaontzia prestatzen zuten egunetan. “Ikaragarria da hiria non dagoen sartuta. Andorraren antzekoa da, eski estazio baten moduan dendaz beteta dago; oso kontsumista, turistei begira egindakoa”.

Argentina atzean utzi eta Uruguairako bideari ekin zioten. Montevideon egin zieten harrera “izugarria” izan zela dio. Bederatzi egun itsasoan egin ostean, Hego Haizea euskal etxekoek aurreskuarekin egin zieten ongietorria. Haiekin afaldu eta dantzan eta kantuan aritu zirela dio. “Ikaragarria da zelan bizi duten euskal kultura; ematen du haiek gu baino euskaldunagoak direla. Hemengo gehiengoek baino gehiago bizi dute euskal kultura”.

Etxean bezala

Otsailaren 21ean Montevideotik irten eta Ozeano Atlantikoan izan dira sei astez. “Bitxia da zelan ohitzen zaren barku txiki batera. Azken finean, zure mundua hori da; handik kanpo ez duzu ezer. Astebetean etxean moduan sentitzen zara”. Lehendabiziko egunetan gehienak zorabiatu zirela esan du, baina berehala egokitu zirela: “Etxean arrunta dena, han barruan hasieran zaila egiten da. Hala ere, gero azkar hartzen duzu martxa, zure errutina, eta nik, behintzat, oso ondo eraman dut”.

Eskifaikideen zeregin nagusia zaintzak egitea dela azaldu du Arriagak. Bi edo hiru orduko txandak egiten zituzten, itsasoko baldintzen arabera. Izan ere, belaontzia 24 orduan dabil martxan; hortaz, une oro norbaitek egon behar du kanpoan adi. Eguraldi txarrarekin bi orduko zaintzak egiten zituzten, eta gero beste lau ordu zeuzkaten libre. Eguraldia hobetzean, berriz, hiru ordukoak ziren txandak, eta sei atseden hartzeko. Gainerako zereginez denen artean arduratzen zirela dio. “Ez zegoen berariazko zereginik bakoitzarentzat; denok egiten genuen denetarik”. Dioenez, EHUren belaontzi Saltillo-n ikasitakoak asko balio izan die “abentura” honetan.

Arriagaren esanetan, gogorrena denboraleen eraginez bizitako uneak izan dira, eta bestelakoan ez dutela izan arazo nabarmenik. Eguraldi kaxkarrarekin itsasoa harrotuta dagoenean eguneroko zereginetan jardutea zein zaila den azaldu du: “Lo gutxi eginda zaude, eta hotza barruraino sartzen da; sekulako haizea, olatuak gainetik, bustita…”.

Alabaina, ekuatoreko beroa ere ez dela hobea dio. Lo egitea ez zela erraza, belaontzi barruan berotegi moduko bat sortzen baitzen. Horregatik, ur asko zein infusioak edateaz gain, eguneko ordu beroenetan gutxiago jaten zutela esan du. Astiuneak arrantzatzeko eta irakurtzeko aprobetxatzen zituzten, eta xake txapelketa bat ere antolatu zuten. “Denok irakurtzen genuen asko, hiruzpalau liburu irakurri ditut”.

Bestalde, joan aurretik erreparatu ez zien gauzen inguruan ikasitakoa azpimarratu du. “Bizikidetzaz asko ikasi dut: zelan errespetatu ondokoa, eta talde lana nola egin proiektua aurrera eramateko”. Leku txiki batean, hainbeste egunetan, haien artean liskarrik ez sortzeak harritu du.