Trenen aspaldiko bidetik

Txorierriko hainbat elkartek mendi irteera antolatu dute Lezamako trenbide zaharraren ibilbidetik, domeka honetarako. Txangoa oinez zein bizikletaz egin daiteke, eta hamar kilometro eta 30 kilometro egingo dituzte, hurrenez hurren. Bizikletaz doazenak 09:00etan irtengo dira Lezamako Gurutzeko ermitatik. Oinezkoak, ostera, Derioko tren geltokitik abiatuko dira ordu erdi geroago, 09:30ean.

Bizi Txorierri, Zorribike, Zamudioko Arroeta Mendi Taldeak eta Txirri Txirrin elkarteek antolatu dute ibilaldia.”Lehenengo aldia da ibilbide osoa egingo duguna”, zehaztu du Goio Sanz Bizi Txorierriko kideak. Bide berdea egitea nahi dute han, eta egitasmo horren inguruan hainbat irteera antolatu dituzte aurretik ere. Hango ondare naturala eta balio historikoa aprobetxatuz eremua lehengoratu gura dute.

Inguruaz gozatzen duten bitartean, Artxandako tunel zaharrera helduko dira eguerdi partean. Han hamaiketakoa egingo dute denek batera, trikiti doinuek lagunduta.”Tunelera Sondika partetik sartuko gara ; ezin da zeharkatu, urez beteta dagoelako, baina zati bat ikusiko dugu”. Horretarako, eskuargiak eramatea gomendatzen dute. Ondoren, bueltako bidea hartu, eta, gutxi gorabehera, 13:00 inguruan helduko dira Sondikako La Olako tren geltokira.

Ibilbide osoa

Aspaldi hasi ziren ibilbidea ikertzen. “Bilbo aldeko zatia berreskuratu zuten, baina Txorierriko partea ez zen osorik ezagutzen”. Zati batzuk agerian zeudela azaldu du, baina tarte batzuk topatzea kostatu zitzaien. “Juanjo Olaizolak —Burdinbidearen Euskal Museoko zuzendari ohia— antzinako mapa batzuk bidali zizkigun”, dio Sanzek. Haiek asko erraztu zieten lana, eta azkenean ere lortu dute trenbide osoa markatzea.

Bide berdea zuten helburu ikertzen hasi zirenean, eta egindako lanak fruituak eman dizkiela ikusi dute. “Proiektua ia eginda dago, baina ez dakigu mamituko den ala ez”. Plangintza egiteko Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek eurekin berba egin zutela azaldu du Sanzek: “Azken finean, guk ezagutzen baitugu hobeto lekua”. Orain, baina, itxaron egin behar; aurrekontuaren arabera proiektuak aurrera egin dezakeelako edo atzeratu dezaketelako.

1894ko istripua

Aisialdirako eta kirolerako lehengoratu nahi dute aspalditik inolako erabilpenik ez duen eremua. XIX. mende amaieran egin zuten trenbidea. Hain zuzen, 1886an hasi zituzten lanak, eta 1894an jarri zuten martxan Bilbo eta Lezama arteko zerbitzua. Ez zuen, baina, asko iraun; uztailaren 7an, Begoña parean istripu larri bat izan zuen. 13 pertsona hil ziren, eta 18 zauritu. Ezbehar horren ondorioz, trenaren ibilbidea aldatzea erabaki zuten, Artxandako aldapa gorabeheratsuak arriskutsuegiak zirela iritzita.

Garai hartako informazio eta argazki ugari bildu dituzte Bizi Txorierriko kideek web orrian (bizitxorierri.org). Tartean daude, istripuaren berri eman zuten egunkariak. Halaber, iragana bakarrik ez, azken urteotan egindako ekintzak azaldu, eta horien argazkiak ipini dituzte, elkartearen jarduna ezagutarazteko asmoz.

Bide gorria

2009an sortu zuten elkartea, eta, ordutik, Lezamako trenbide zaharraren lehengoratzearen eta Txorierriko bidegorria sortzearen alde dabiltza lanean. Sanzek adierazi duenez, foru aldundiak egina dauka bideogorriaren proiektua. Hala ere, ez dakite egitasmok bide berde moduan aurrera egindo ote duen.

MENDI IRTEERA

Zer. Lezamako trenbide zaharretik ibilaldia, oinez 10kilometro, edo bizikletaz 30 kilometro.

Noiz. Etzi.

Ordua. Bizikletaz joango direnek 09:00etan irtengo dira Lezamako Gurutzeko ermitatik. Oinezkoak, 09:30ean, Derioko tren geltokian.