“Ozeanoei lurretik eta itsasotik eraso egiten diegu gizakiok”

“Segundoro, 206 kilo hondakin jaurtitzen dira gure ozeanoetara”. Halaxe ohartarazi du Surfrider Foundation Europe fundazioak. Egoera “kezkagarria” denez, itsasertza garbitzeko eta uretan pilatzen den kutsaduraren jatorriari eta eraginari buruz informatzeko, taldeak XVIII. Ocean Initiatives egitasmoa abiatu zuen atzo, Bizkaian. Hala, asteburuan, hainbat hondartza garbitzeko lanak egingo dituzte parte hartzen duten boluntarioek. Getxon, Areeta eta Arrigunaga garbituko dituzte. Sopelan, Barinatxe eta Atxabiribilen ibiliko dira. Azken horretan arituko da Peña-Txuri surf taldea, “Bizkaiko lehenengo surf kluba”. Imanol Eizmendi (Deustua, Bilbo, 1961) klubeko kidea eta surflaria da, eta hark ere parte hartuko du garbiketan. “Nahiz eta Peña-Txuri taldea 1990. urtean sortu genuen, Francoren garaian hasi ginen surfa egiten Sopelan, eta betidanik zaindu nahi izan dugu inguru hori”, azaldu du.

11:00etan hasiko dira Atxabiribil garbitzen. Batez ere, hondartzan aurkitzen diren plastikoak, zigarroak eta hondakin organikoak batuko dituzte. Gainera, ostean, bildutako zaborra sailkatu eta birziklatu egingo dute. “Bazkaltzeko zeozer hartuko dugu, eta olatuak baldin badaude, bide batez, surfean aritzeko aprobetxatuko dugu guztiok elkarrekin”.

Ocean Initiativesek proposatzen duen jarduerarekin herritarrak itsas hondakinen arazoaren inguruan sentsibilizatzea nahi dute. “Garbiketen egitasmoa asko gustatzen zait belaunaldien arteko kontaktua izaten delako eta gazteekin itsasoarekiko zaletasun eta ardura hau partekatzen dugulako”, dio Eizmendik. Modu horretan, urtero, lakuen, ibaien eta itsas hondoen garbiketak egiten dira udaberriko lehenengo asteburuan. Surfrider fundazioarekin aritu baino lehen, surflariek garbitze lanak egiten zituzten jada. “Gaztetan asko borrokatu izan ginen kostaldea bere horretan mantendu ahal izateko, eta mota horretako ekintzetan parte hartzeko prest gaude gaur egun ere; bazkideak oso motibatuta daude”.

Sopelako harea eta itsaslabarra garbitzeaz gain, hondakinek itsas hondoan eta faunan eragiten dituen kalteak ere salatu nahi dituzte. “Hondakin gehienak plastikoak dira”. Eizmendik azaldu duen moduan, pertsona askok hondartzara joan eta zaborra bertan uzten dute, nahiz eta paperontziak gertu egon. “Hemen marea biziak ditugu, eta harean uzten duten hondakinez betetako poltsa horrek itsasoan amai dezake; azkenean, harkaitzen kontra talka egin, eta zaborra itsasoan barreiatzen da”.

“Ozeanoei lurretik eta itsasotik erasotzen diegu gizakiok”. Lurrean sortu eta uretan amaitzen duten hondakinez gain, itsasoan bertan sortzen direnak ere gogoan ditu Eizmendik. “Egun, ohiturak asko aldatu dira, eta jende askok begirune handiagoa dauka; baina, lehen, itsasontzietatik edozein motatako hondakinak itsasora jaurtitzen zituzten etengabe”.

Egoera hori dela eta, Surfrider fundazioan askotariko jarduerak bultzatzen dituzte etengabe. 2012an, 50.000 pertsona inguruk 1.230 ekintzatan parte hartu zuten. Aurten, fundazioak helburu bat lortu nahi du: Europan behin bakarrik erabil daitezkeen plastikozko poltsen banaketa debekatzea. Hartara, itsasgarriak banatuko dituzte egitasmoetan parte hartzen duten boluntarioen artean. Itsasgarri horien bidez, parte hartzaileek tokiko dendetako saltzaileei eskatuko diete kutxetan itsasgarri bat itsats dezaten. Horrela, saltzaileak erabilera bakarreko plastikozko poltsa gehiago ez banatzeko konpromisoa hartuko du. “Egitasmoa ondo dago, eta hezteko egokia da; nik bizikletan itsasgarri bat daramat”.

Berrikuntza modura, fundazioak beste proiektu bat ipiniko du martxan: lobbying posta txartelak prestatuko dituzte. Nahi duten herritarrek Surfriderri postal bat bidali ahal izango diote; haren bitartez, denda guztiei eskatuko diete erabilera bakarreko plastikozko poltsak galarazteko. Ostean, elkarteak txartel guztiak jaso eta mobilizazio honen berri emango du Europako agintarien aurrean.

Itsasoa, irakaskuntza esparru

Peña-Txurin umeei itsasoarekiko errespetua transmititzen saiatzen dira. Horretarako, garbiketez gain, ekintza ugari antolatzen dituzte. Adibidez, haurrek hondartzan gau bat igarotzeko aukera dute, eta monitore batekin izarrak edo itsasaldiak aztertzen dituzte.

Beste alde batetik, itsasoa jarrera iraunkorrak sustatzeko lanabes gisa erabiltzen dute klubeko bazkideek. Ohitura ekologikoagoak bultzatzeko asmoz, harean hondakinak batu behar direla irakasten diete umeei txikitatik; baina, horrez gain, hondartzaraino bizikletaz joateko animatzen dituzte. “Hondartzaraino helduko den bidegorria eskatzen ari gara behin eta berriro Sopelan; umeentzat ohitura osasuntsuagoak sustatzeko balioko luke, eta ingurumenarekiko errespetagarriagoa izango litzateke bide hori”, adierazi du.