Lo egiteko arazoetarako sendabelarrak hobetsi dituzte, botiken aurretik

Lo egiteko botiken bigarren mailako ondorioez ohartarazi du Ameriketako Estatu Batuetan egindako ikerketa batek. Besteak beste, egunez logale izatea eta kontzentratzeko arazoak izatea ekar dezakete, eta gidatzean arriskua sorraraz dezaketela nabarmendu dute. Krisiak eragindako antsietateak lo egiteko arazoak areagotu dituenez, azken urteotan gora egin du botika horien zein lasaigarrien erabilerak, %5 inguru, baina adituek sendabelarrak hobetsi dituzte.

Hala, Madrilgo Gregorio Marañon ospitalean auzia ikertu duten sendagileek Kaliforniako mitxoleta, pasio lorea eta baleriana edo belar bedeinkatua gomendatu dituzte, antsietatea arintzeko eta atseden hartzeko moduko loaldiak eragiteko balio dutelako. Gaiok farmazietan ere presta daitezkeela jakinarazi dute.