Bilbo eta Portugalete arteko trenbidearen 125. urtebetetzea

Bilbo Portugalete eta Trianorekin lotzen duen trenbidearen 125 urteko historia bildu dute erakusketa batean. Hala, azpiegitura horren garrantzia narbarmendu nahi dute. Bilboko Trenbidearen Lagunen Elkarteak antolatu du, Barakaldoko Udalaren eta Siderurgia Integraleko Langileen fundazioaren laguntzaz.

Mende eta laurdeneko historiaren lekuko dira ikusgai dauden argazki, agiri eta objektuak. Besteak beste, batzarretako aktak dituzten pare bat liburu, txartelak inprimatzeko makinak, lanparak eta seinaleak daude.

Erakusketak trenbidearen eragina islatzen du. Izan ere, Ezkerraldearen garapen sozioekonomikorako ezinbesteko izan zen, eta, bestalde, Bilbo Meatzaldearekin lotu zuen. Besteak beste, eskualdeko enpresek handik garraiatzen zituzten materialak. Hain zuzen ere, XIX. mende amaieran bi fasetan eraiki zuten sarea. 1888. urteko udaberrian bukatu zuten lehena; bestea, berriz, udazkenean.

ERAKUSKETA

Zer. Bilbo eta Portugalete arteko trenbidearen 125. urteurrenari buruzko erakusketa.

Non. Barakaldoko Siderurgia Integraleko Langileen fundazioaren egoitzan (Ekonomia, 36) .

Ordutegia. Astelehenetik barikura, 10:00etatik 13:00etara.

Noiz arte. Maiatzaren 4a.