Berritzearen negozioa

Hirigintza prozesuetan buru-belarri dabil Bilbo azken urteotan; Abandoibarrako master plana, Miribilla auzoa, Zorrotzaurre… Bilbo zerbitzu hiri bilakatzeko asmo horri erantzunez, Bilbao Ria 2000 elkarte publikoa 1992tik dabil lanean. Une honetan Abandoibarra inguruko orube bat saldu guran dabil, han ere eraikitzeko. Mazarredo zumardian dago, leku ezin hobean kokatuta: Guggenheim museoaren ondoan, itsasadarrera begira, hiriko erdigunean bertan; edonork nahiko lukeen tokia, beraz. Erakundeak ez dio erabilerarik ematen bertan dagoen eraikin zaharrari, eta Bilboko Udalak etxerik gabekoentzako udal aterpetxe gisa atonduta dauka aspalditik. Akordio horretara iritsi ziren udal administrazioa eta elkarte publikoa. Orain, baina, lursailaren salmenta dela eta, aterpetxea lekuz aldatu beharko dute, hiriko beste gune batean zerbitzua ematen jarraitzeko. Nahiz eta itxiera datarik ez dagoen oraindik, udala toki bila dabil.

Etxerik gabeko pertsonentzako aterpetxea da, eta bi motatako zerbitzuak eskaintzen ditu; urte osoko aterpea eta neguko zerbitzu bereziak, hain zuzen ere. Lehena ez da inoiz ixten, 32 plaza ditu, eta ostatua, kontsigna, higiene pertsonala eta segurtasuna eskaintzen ditu, baita gizarte hezitzaileen arreta pertsonalizatua ere. Neguko zerbitzua lau hilabetez egoten da irekita, eta klimatologiaren arabera azaroan edo abenduan hasten dira zerbitzu hori eskaintzen. Normalean, 50 ohe egoten dira bertan, eta beste 50 gehitzen dituzte tenperaturak oso baxuak izaten direnean. Larrialdi egoerei begirakoa da bigarren hori; lehenak gizarteratzea ere badu helburu.

Aspaldion salmenta prozesu betean dabil Bilbao Ria 2000. Iaz, Garellanoko lursaila saldu zuen, eta, aurten, beste orube bi salduko ditu: Mazarredo zumardiko hau eta Leizaola lehendakariaren kalean, Zubiarte merkataritza gunearen parean dagoen beste bat. “Higiezinen salmentako estrategia kontuak” direla eta, orain erabaki dute saltzea. Azken bi lursail horien salmentekin 35,6 milioi euroko diru sarrerak izango dituzte. Bilbao Ria 2000ek 12,6 milioi euroan merkaturatu du Mazarredoko eraikina. Diru dezente irabaziko du salmenta egiten denean. Izan ere, 2004an, 4,8 milioi euroren truke erosi zion Bizkaiko Foru Aldundiari. Aldameneko orubearekin batera, guztira 11.000 metro koadroko eraikitzeko ahalmena duen saila sortuko litzateke, eta hirigintza planak Mazarredo zumarditik zein Uribitarte pasealekutik sartzeko aukera ematen du.

Salmenta prozesua

Administrazio kontseiluan erabakiko dute Mazarredoko lursaila nori salduko dioten. Elkarteak oraindik ez daki zertarako erabiliko duten lursaila, baina Bilboko Udaleko Hirigintza Planean agertzen den bezala, etxebitzitzak, bulegoak edo lokal komertzialak eraikiko dituzte bertan.

Iñaki Duque Bilbao Ria 2000eko komunikazio eta kanpo harremanetako arduradunak esan duenez, “elkarteak ez daki aterpetxea noiz itxiko duten”. “Eraikuntza enpresak egiten duen eraikitze programaren arabera, lehenago edo geroago eten beharko dute zerbitzua Mazarredo kaleko 22. eraikinean. Erabakia lursaila erosiko duen enpresarena izango da”. Dena dela, oraindik “presarik ez” dagoela aurreratu du; izan ere, lehenik eta behin, erosleak erosketa aukera eskuratuko du, eta gero onartu egin beharko luke. “Ordura arte, ezingo da ezer ere egin”. Hartara, Duquek adierazi duenez, ez du uste urtea bukatu aurretik mugimendurik egongo denik.

Lanak noiz hasiko diren erabakitzen duten momentuan Bilboko Udalarekin hitz egingo dutela argitu du Duquek. “Data zehatz bat emango diegu”. Nahiz eta gure aldetik datozen hilabeteetan ez den mugimendu handirik egongo, udala aukera berriak aztertzen has daiteke bere aldetik, ikusita laster lekuldatu beharko duela aterpetxea.

Aterpetxe berria

Mazarredon eskaintzen zituzten zerbitzu biak mantenduko dituzte aurrerantzean ere, eta leku posibleak begiratzen hasi da jada udala. Dena dela, oraindik ez du argitu zeintzuk diren aztertzen ari den horiek. Aukera posible bat Atxuri auzoan kokatuta dagoen Ollerietako eskola da. Duela hainbat urtetik, eraikina ikusmen urria duten ikasleentzako babeserako zentroa da, baina Eusko Jaurlaritzak datorren ikasturterako Santutxura lekualdatzeko asmoa du. Atxuri kaleko 45. zenbakian dago 1922an eraikitako eraikin hori, eta Pedro Ispizua arkitektoak diseinatu zuen.

Eskola zaharra Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzuaren egoitza izango da, ostatu eskariei erantzungo zaie bertan, arropa eta janaria banatuko dira, eta Zabala kaleko dutxa publikoak sartzea ere aztertzen ari dira. Gizarte Ekintza Arloko iturrien arabera, oraindik ez dute erabakirik hartuko, eta ez dute zehaztu gainontzeko aukerak zein diren.