Makila kolpeen erritmoan

Abarkak oinetan jantzi, makila eskuetan hartu, eta Arratiako abesbatzako kideek kantuan igaroko dute datorren astelehena. Euskal Herriko beste hainbat herritan legez, santa eskean ibiliko dira. Baina ez euren eskualdean soilik, baita Zornotzan eta Bilboko kaleetan ere. Bizkaiko talderik ezagunena da.

Aurten, 62. urtea dute. Areatza eta Arteagako abeslariak elkartzean sortu zen taldea, Jabi Arbe kideak gogora ekarri duenez. “Premia jakin bati erantzuteko hasi ziren: lehen urteetan, Bilboko Santa Marina ospitalerako biltzen zuten dirua”. Gerora, beharrizanak zeharo aldatu dira, eta, aldian-aldian, helburu ezberdin baterako eskatu izan dute dirua. Azken urteetan, Mundubat gobernuz kanpoko erakundeari eman izan diote, Aljerian dagoen sahararren kanpamentu batean duen proiektua finantzatzeko laguntza modura. Aurten, ordea, bildutakoa etxean uztea erabaki dute: “Bizkaian berton ere badira beharrizana dutenak”, dio Arbek.

Herritarrak eskuzabalak direla iruditzen zaio. “Ahal duten neurrian ematen dute, eta, gaur egungo egoeran, askorik ere ezin diegu eskatu. Igartzen da krisian gaudela. Lehen baino askoz gutxiago biltzen dugu. Leku gehiagotan ibiltzen gara eskean, baina, hala ere, nekez biltzen dugu lehen beste diru”. Kexatu da banketxeetan espero zitekeen baino gutxiago ematen dietelako. “Esaten digute talde asko joaten garela, eta denen artean banatu behar dutela daukatena”. Udalekin, ordea, pozik daude.

Beti-betiko koplak abesten dituzte. “Aita Jose Domingo Ugartetxea karmeldarrak prestatu zizkigunak dira, Santa Agatari eskainiak. Bost ahotsek abesteko konposatu zituen”. Dagoeneko buruz dakizkiten arren, aurreko asteetan gogotik entseatzen dute. Arberi, hala ere, iruditzen zaio gehiago egin beharko luketela. Azaroan hasten dira, eta Santa Ageda bezpera iritsi arte, ahal badute behintzat, zapaturo elkartzen dira. 17:00etan izaten dute ordua. “Gurea abesbatza berezia da. Urtero, hiru hilabeteko bizitza izaten du, eta, gero, desagertu egiten da”, dio. Nahiz eta hasieran Areatza eta Arteagako lagun haiek sortu zuten, egun Arratiako herri guztietako kideak dituzte taldean. Osotara, 45 bat lagun ibiltzen dira kantuan, eta beste hamar bat dirua biltzen.

Gazterik ez zaie biltzen. “Ez dira animatzen. Oro har, hori da abesbatza guztien arazoa”, dio Arbek. Horregatik, Santa Ageda bezpera goizean eskola umeekin abesten dute eskualdean, eta gauean ere, jai berezia egiten dute Arratiako Musika Eskolako ikasleekin batera. “Kanturako eta santa eskerako harra sartzea gura genuke, gero gurekin abesteko”.

Hiriburura, diru bila

Duela 30 bat urte hasi ziren Bizkaiko hiriburura ere joaten. “Bilboko udaletxean eta foru jauregian abestu behar genuela azaldu zen, diru gehiago biltzeko. Geroztik, ez dugu behin ere hutsik egin”. Eskualdetik kanpora egiten duten irteera bakarra da. Behin, Gernika-Lumora joan ziren, eta beste behin, Durangora. Baina, normalean, Arratia eta Bilbo dira haien plaza.

Urtero, ibilbide berbera egiten dute, bi autobusetan. Hala, entzun gura dituenak badaki nora jo. Eguna Areatzan hasiko dute. 08:30ean, meza entzungo dute Santa Isabel komentuan. Elizatik irtetean, eskolako umeekin abestuko dute. Handik Dimara joango dira, 09:30ean hango eskolako umeekin santa eskean egiteko. Beste horrenbeste egingo dute Lemoan. 10:30ean, Zornotzako udaletxean bilduko dira. Kantatu ostean, hamarretakoa egiten dute, indarberritzeko.

Handik Bilbora joango dira, Begoñako basilikara, 11:00etako meza bukaeran kantatzeko. Segidan, behera jaitsiko dira, San Anton eliza atarira. Erriberako merkatuan eta Plaza Barrian kantatu ondoren, udaletxera joango dira. 12:45ean, Iñaki Azkuna alkatea izango dute zain. Horren ostean, Kale Nagusira joango dira: El Corte Inglesen, BBVAn, Kutxabanken eta beste hainbat banketxetan kantatuko dute, 13:45ean foru jauregian bukatzeko. Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak egingo die harrera.

Eguerdian, Igorreko ostatuan bazkalduko dute: “Indabak, urtero bezala”. 17:00etarako itzuliko dira Bilbora, Guggenheimen abestera. Handik, San Nikolas eliza aurrera joango dira; Bilboko metroaren Zazpikaleetako geltokian ere abestuko dute. 18:00etan, Santiago katedralean dute ordua. “19:30ean izango dugu agurra, Arriaga aurrean, Arratiara itzuli aurretik”. Bedian, musika eskolako umeak izango dituzte zain. Igorre, Arantzazu, Arteaga eta Zeanurin gelditu ostean, Areatzan kantatuko dute bukatzeko (21:30). “Jai polit bat izaten dugu, eta txokolatea banatzen dugu entzutera etortzen direnen artean”.