Kaleko dantzen lehia

Dantza lehiaketa

Elorrio

Hiriko dantza eskaintzaren erakusleku eta lehiaketa gune bihurtuko da bihar Elorrio. Hain zuzen, Arriola izango da ikuskizun horren agertoki. Bertan, Akadantz kaleko dantzen bosgarren lehiaketa egingo dute. 18:00etatik aurrera jarriko dute martxan.

Bilboko Breakonstage jaialdian —Europan oso garrantzitsua da— parte hartzeko ateak zabaltzeko aukera izango dute biharko lehiaketara aurkezten direnek. Izan ere, Elorrion irabazle ateratzen direnek jaialdi horretan parte hartu ahal izango dute.

Era askotako diziplinatan lan handia egin duten gazteak igoko dira Arriolako agertokira: funky, house, urban dance, hip hop, breakdance, locking, popping… Gazteek eta zaleen mailako dantzariek oholtza gainean egiten dituzten erakustaldiak ikusteko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek.

Lehiaketa eta erakustaldi izango den ikuskizun hori hiriko dantzarekiko zaletasuna duten gazte askorentzako topalekua izan ohi dela jakinarazi dute antolatzaileek, kontuan hartuta dantza horren diziplinak entsegu ordu asko eskatzen dituela, akademietan zein lagun artean. Arriola antzokiko kideek jakinarazi dutenez, jaialdiaren helburu nagusia “taldeak lan egiten segitzera bultzatzea eta animatzea da; horrexegatik, Arriola antzokiak euren lanak antzokiaren moduko inguru eszeniko batean erakusteko aukera ematen die”.

Lehiaketan hainbat alor izango ditu kontuan epaimahaiak. Hain zuzen ere, “originaltasuna, sormena eta koreografiak egiteko trebezia” aztertuko dituzte, batetik. Bestetik, musika sinkronia izango dute kontuan. Horrez gain, lehiakideek zer-nolako talde lana eratzen duten sarituko dute —bi eta sei gazte arteko taldeak lehia daitezke—. Azkenik, ezarritako iraupena betetzea ere kontuan izango dute —gutxi gorabehera, hiru minutuko erakustaldiak egin behar ditu talde bakoitzak—.

Gazteen sormena du oinarri Akadantz lehiaketak, eta Elorrioko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin antolatzen du Arriola antzokiak.