“Gustuko ez duen jakia gustuko duenarekin jarri behar da”

Euskadiko Giza Elikaduran eta Dietetikan Diplomatuen Elkartea 2002an sortu zen, etengabeko ikasketa bultzatzeko eta komunitatean elikadurak duen garrantzia ezagutzera emateko. Ingortze Zubieta (Bilbo, 1976) elkarteko lehendakariordea da.

Azken hamar urteetan, gizentasunak goranzko joera jarraitu du. Nutrizioa txiki-txikitatik kontrolatzea ezinbestekoa dela dirudi. Zeintzuk dira horren onurak?

Kontuan izan behar dugu umeak ondo jaten badu ondo elikatuta egongo dela eta, gainera, heldutasunera heltzean pertsona osasuntsuagoa izango dela. Helduak garenean gaixotasunak izateko arriskuak hor dira; baina, elikadura ona badaukagu, arrisku horiek gutxitu egin daitezke. Azken batean, prebentzioa gauza garrantzitsua da.

Umeek eskolan bazkaldu ohi dute maiz. Horrek lasaitasuna ematen al die gurasoei?

Gurasoak lasai egon daitezke, eskoletan ematen dieten janaria nutrizionista batek kontrolatzen duelako, edo kontrolatu beharko lukeelako. Jaten dutena kontrolatuta dago, eta denetarik hartzen dute, baina, beste alde batetik, ez gara horretaz bakarrik fidatu behar. Nahiz eta arraina eman diotela jakin, ez dakigu umeak jan duen ala ez. Orduan, kontuan izan behar ditugu jantokitik heltzen zaizkigun oharrak. Egia da eskolan etxean baino hobeto jaten dutela. Azkenean, adin bereko umeak daude, eta, besteekin batera, jolasen bidez, hobeto jaten dute. Hala ere, gurasoek etxean lan egin behar dute kontrol bat edukitzeko; hau da, bazkaltzeko haragia hartu badu, gauean arraina jan dezake. Denbora pasatu behar dute umearekin, ondo elika dadin.

Zergatik esaten da gosariak hainbesteko garrantzia duela?

Gosaria lehenengo janaria da; beraz, eguna ondo hasten badugu, eta goizean goserik ez badugu, egun guztian hobeto jango dugu. Guk esaten dugunez, ondo gosalduz gero, jateko gogoa kontrolatuta izango dugu egun guztian. Baina desoreka baldin badago, osasungarriak ez diren opilak eta horrelakoak hartzeko arriskua daukagu. Behar dugun gasolina hori goizean hartzen badugu, eguna hobeto joango da.

Bizkaiko hainbat herritako eskoletan, nutrizioari buruzko informazio solasaldiak antolatu dira. Horrelako egitasmo gehiago egin behar dira?

Eskolan, geografia edo matematika ematen dira, eta zergatik ez da erakusten zelan jan behar den? Gure bizitzan egingo dugun gauzarik garrantzitsuena da, eta, horren arabera, geure osasunak txarrerantz egin dezake. Horrelako egitasmoak antolatzea oso ondo dago, baina, egunero egin beharko litzateke zer edo zer; umeei erakutsi behar zaie zelan edo zer jan behar den. Bakoitzak etxean jaten duen bezala jaten du, eta batzuek hobeto egiten dute; besteek, txartoago. Hori dela eta, egitasmoak noizbehinka antolatu beharrean, gaiari jarraipen bat eman beharko litzaiokeela uste dut.

Badira umeen elikadurarekin oso kezkatuta dauden gurasoak. Zein aholku emango zenizkieke?

Lehenengo eta behin, ez obsesionatzea. Kontuan izan behar dugu denetarik jan behar dela, baina neurrian. Azkenean, azukreak eta koipeak zaindu behar dira, eta elikagai frijituak gutxiago izan behar dira; hala eta guztiz ere, batzuetan jan daitezke. Horrez gain, otorduak ere ondo kontrolatu behar ditugu. Gosarian, esneki bat, zerealak eta fruta egon behar dira. Gainera, adibidearekin eredua jarri behar da: umeari ezin diogu esan barazkiak jan ditzala, guk jaten ez baldin baditugu. Haiekin denbora eman behar dugu, ondo jan dezaten. Jarduera fisikoa ere oso garrantzitsua da. Familian txangoak egin, bizikletaz ibili edo mota horretako ekintzak egin daitezke.

Jakina da begietatik jaten dela. Nola egin dezakegu umeek, adibidez, barazki eta fruta gehiago jan ditzaten?

Zaila da! Umeei esan diezaiekegu hau edo bestea hartzea ona dela osasunarentzat; hala ere, haiek hori ez dute ulertzen. Umeek jakiak bi taldetan banatzen dituzte: gustukoak eta gustuko ez dituztenak. Eredugarri izan behar dugu. Ni piper bat jaten ikusten banaute, agian gaur eta bihar ez dute jango, baina datorren astean probatu egingo dute. Garrantzitsua da platerean kolore asko egotea; begietatik sartu behar da. Janaria ez dugu zigor moduan erabili behar. Horrela eginez gero, umeak jaki bat zigorrarekin erlazionatuko du. Adibidez, arraina gustatzen ez bazaio, gustuko duen arrain bat jarri behar zaio. Barazkiak nahi ez baditu, kroketa batekin jar daitezke; hau da, lagungarri izan daiteke gustatzen zaion jaki bat gustatzen ez zaion beste batekin jartzea, jan dezan. Jolastu egin behar da irakasteko, eta proba asko egin.