“Aurrekontu sozialena”

EAJk eta PPk lortutako akordioari esker, Bizkaiko Foru Aldundiak ez du arazorik izango bere aurrekontu proiektua onartzeko. Joan den asteko osoko bilkuran, PSE-EEk eta Bilduk aurkeztutako osoko zuzenketak ez ziren onartu, EAJk aurka bozkatu zuelako eta PP abstenitu egin zelako. Asteon zuzenketa partzialak eztabaidatzen hasi dira. Hurrengo urratsa Gernika-Lumoko batzar etxean egingo den osoko bilkuran proiektua behin betiko onartzea izango da. PPk aurreratu du bozketa horretan abstenitu egingo dela, euren proposamenak aintzat hartu diren arren ez delako euren proiektua. Beraz, 22 aldeko boz —EAJ— eta 21 aurkako —Bildu eta PSE-EE— jasoko ditu.

Bai Lorea Bilbao bozeramaile jeltzalea bai Esther Martinez bozeramaile popularra “oso pozik” eta “harro” agertu dira, “ezberdinen arteko akordioa” erdietsi dutelako. “Alderdikerien gainetik, Bizkaiaren eta bizkaitarren interesak jarri ditugu”, azaldu dute biek. Martinezek, gainera, “aurrekontu egokitua Bizkaiko historiako sozialena” dela uste du.

Akordio horren bidez, 5.550.000 euroko aldaketa egingo zaio foru aldundiak aurkeztutako proiektuari. Jose Maria Iruarrizaga foru aldundiko Ogasun diputatuak azaldu duenez, diru sarreretan ez da igoerarik egon; beraz, adostutako gastu berriak asetzeko beste diru sorta batzuetatik hartu behar izan dute. Horietatik ia 3 milioi ordainketa osagarrietako mailegutik hartuko dira; hau da, badaezpada ezustekoetarako gordea izaten den dirutik. Bozeramaile popularraren esanetan, “ez zen beharrezkoa hainbeste diru gordetzea, hainbeste premia daudenean”.

Lehendakaritza Sailaren aurrekontuan suhiltzaileen parke bat eraikitzeko lursaila erosteko diru kopuru bat ageri zen. Hori ere PPrekin adostutako aldaketetara bideratuko da. “Ez zegoen erabakita non eta noiz erosiko zen lursaila”, azaldu du Martinezek. Bestelako diru sorta txikiago batzuetatik ere hartu da dirua, baina Iruarrizaga diputatuak ez du zehaztu zeintzuetatik.

Bi alderdiek ukatu egin dute Bizkaiko negoziazioa Araba eta Gasteizko aurrekontuen inguruan egin denari lotuta egon dela. “Erabateko askatasunez jokatu dugu, loturarik gabe. Gure lehentasuna krisiari aurre egin eta bizkaitarren premiei erantzutea izan da. Gainera, Arabako aurrekontuan onartu ez ziren egunaren biharamunean aurkeztu genituen zuzenketa partzialak. Bizkaiko aurrekontua baldintzatu gura izan bagenu, osoko zuzenketa aurkeztuko genukeen, baina ez genuen egin”, dio Martinezek.

Negoziazioak, “zabalik”

Bozeramaile jeltzalearen esanetan, alderdi guztiekin ahalegindu dira, baina PPrekin baino ez dute lortu. “Bilduk hasieratik zarratu zituen aukera guztiak, eta talde sozialistarekin ez da posible izan”. Gainera, ohartarazi du ez dela aliantza bat: “Aurrekontua onartzeko akordioa da, eta onartzean bukatuko da”. Hala, zerga politika berrirako negoziazioak alderdi guztiekin egiteko asmoa iragarri du. “Dena den, oraindik foru aldundiak ez du proiekturik aurkeztu; beraz, ezin da ezer negoziatu”.