Udaletxetik foru jauregira

Mundakako alkatetzatik foru aldundirako saltoa emango du Unai Rementeriak (Mundaka, 1974). Juan Mari Aburtok utzitako lekua beteko du datorren martitzenetik: Lehendakaritza ahaldun eta bozeramaile lanak egingo ditu.

Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiarekin harreman estua dauka, eta hark gura duen soslaia betetzen du: kudeatzaile gaztea, baina esperientziaduna. Bere jaioterriko Hirigintza zinegotzi eman zituen lehen pausoak politikan. 2007az geroztik, Mundakako alkate da. Alegia, bigarren agintaldia du honako hau. 2009-2012ko legegintzaldian, legebiltzarkide ere izan zen Gasteizen. Alakrana atunontziaren afera gertutik jarraitu zuen, alkate zein legebiltzarkide moduan. Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak egun haietan egindako lana auzitan jartzeaz arduratu zen. 2011tik, Bizkaiko Batzar Nagusietako kide eta EAJren bozeramaile da. Azken zeregin hori utzi egin beharko du, eta jakiteko dago alkate jardunari ere uko egin beharko dion.

Rementeria Ekonomia Zuzenbidean lizentziaduna eta Hirigintza Zuzenbidean diplomaduna da. Sorterriarekiko lotura estua du, eta astialdian ez die muzin egiten bere herriko ohiturei: urtero atera ohi da atorra jantzita inauteri domekaz.