Hasierako berbak

Txandakako lasterketak gustatzen zitzaizkidan eskola garaian. Bakarkako lasterketak baino atseginagoak ziren. Ahalegin fisikoa berdina zen, zeharkatu beharreko metroak ere bai, baina izerdiak eta giharretako minak norbaitekin partikatzen zenituen. Xedea ez zen soilik metro madarikatu haiek arineketa batean egitea, besteari txanda ematea baizik. Bestearen eskukadaren zain izaten nintzen marra ezin pasaturik, artega eta gogotsu. Bakardadeari ihes egitea bezelako zeozer zen. Metafora ederra begitantzen zitzaidan lasterketa konpartitzearena, elkarrekin egitearena. Esku ukimendua nahikoa zen hurrengoari txanda emateko. Hau da, norbaitekin lasterketa egin ezeze haren eskua ukitu zenezakeen. Laztanak eman eta jaso irakasleak aginduta! Liverpool futbol taldeko zale banintz “You’ll never walk alone” (Inoiz ez zara bakarrik ibiliko) kantatzearen antzeko zerbait litzatekeela azalduko nizuke. Ze demontre! Kantatzen hasiko nintzatekeen. Orduan, baina, Liverpool maparen bateko hiria baino ez zen, eta kantua… kantua ez zen existitzen. Ez ditut nire txanda-kideak akorduan. Pentsatzen dut ikaskideak izango zirela, batzuk besteak baino maiteagoak. Beharbada txanda emateko orduan egongo zen bihotza kitzikatzen zidan norbait. Historia aurrea oroitzeko arazoak izaten ditut sarri. Aurpegiak dihoazkit eta datozkit. Ondo gogoan daukat, baina, gozatzen nituela lasterketa haiek eta beste inork baino lehenago eman nahi izaten nuela txanda. Amaiera arte ez genuen jakiten nork egina zuen denborarik onena. Niri neuri bost inporta zitzaidan egindako denbora, gauza zen aurrekoaren eskuaren laztana jasotzea, eta hurrengoari ematea. Hori bezain sinplea. Harrezkero ez dut lasterketarik egin. Osterantzeko auzolanetan hartu izan dut parte, ez dakit; lagunen etxe-aldaketetan, ekitaldiren batean, hondarretako gazteluren baten eraikuntzan, baina hor sekula ez da eskurik eskuko ikutuera hori eman. Gaur, baina, lerrook idazten ari naizen bitartean atzera be Liverpool-eko kantua etorri zait akordura. “Walk on, walk on with hope in your heart and you’ll never walk alone” (Zoaz, zoaz zure bihotzean itxaropenaz, eta inoiz ez zara bakarrik ibiliko). Ez dakit norena den laztantzen nauen eskua, Ander Egiluz edo Leire Bilbaorena. Edozelan be gogoz eta pozarren hartuko dut txanda-aldaketa. Nik jasotakoa, momentuz, zuk hartu beharko duzu, irakurle estimatua. Halandaze, hamabostean behin John Trollope labanderiara doan bitartean hementxe izango nauzu txanda emateko gertu.