“Berrizko proiektua, lurrak eta hiltegiaren premia hor daude”

Urtebete da Durangoko Erralde hiltegia itxi zutela. Urte gogorra izan da sozietate horretako presidente Mikel Ansotegirentzat. Gainera, Berrizen hiltegi berria eraikitzeko proiektua ere geldi dago, oraingoz. Une honetan, sozietatea likidatzeko prozesuan ari dira.

Erralde itxi zenetik urtebete igarota, zer-nolako balorazioa egiten duzu? Zelako urtea izan da zuretzat?

Urte gogorra izan da. Hasieran, hiltegia zabaltzeko helburua hartu genuen, eman ziguten itxaropenean oinarrituta. Hilabete batzuk pasatu zirenean, ordea, itxaropen hori pikutara joan zen, eta, harrezkero, zorrari aurre egiten ahalegindu gara.

Ia 2,4 milioi euroko zorra ordaintzea; hori da orain zuen ardura nagusia, beraz?

Bai. Duela hilabete inguru, zor hori kitatzeko akordioa lortu genuen, eta udal bakoitzak zor horren zein zatiri egin beharko zion aurre adostu genuen. Udalak hasita gaude diru ekarpenak egiten, eta guztiok egiten dugunean, zorra kitatu ahalko dugu.

Erabaki zenuten bezala ari al zarete? Hau da, herri bakoitzeko abelburu eta biztanle kopuruaren araberakoa al da ekarpena?

Bai; guztiok ari gara lehen egiten genuen bezala, zenbateko horiek errespetatuta ordaintzen, Elorrio izan ezik.

Elorrio ez zen erabaki horrekin ados azaldu.

Hala da. Beraz, Elorriori zegokion zorraren partea gainerako guztiok hartu behar izan dugu geure gain.

Herri horrek ordaindu beharko lukeen guztia hartu behar izan duzue zuen gain?

Ez, zati bat besterik ez. Elorriok ordaintzen zuen kapital sozialetik gorakoa da besteok geure gain hartu behar izan duguna.

Udalen egoera zein den kontuan hartuta, zelan egingo diezue aurre gastu horiei?

Badirudi udal guztiak izango direla gai gastu horri aurre egiteko. Udal askok dagoeneko egin dute dagokien ekarpena. Guztiok egiten dugunean hasiko gara zorra ordaintzen. Espero dugu denbora gutxian izatea hori, ahalik eta azkarrena.

Berrizen hiltegi berri bat egiteko proiektuan sartu zineten. Zer gertatuko da lur horiekin?

Berrizko lurrak eta proiektua hor daude, eta irtenbide bat bilatzeko ahalegina egin beharko dugu.

Oraingoz ez daukazue ezer zehaztuta? Nola dago proiektua?

Ez, oraingoz ez dugu aurkitu proiektuak aurrera egiteko bidea. Hala ere, proiektua, lurrak eta hiltegiaren premia hor daude.

Horretarako ere mailegua eskatu zenuten. Horri ere aurre egin beharko diozue.

Bankuekin daukagun zor bat da hori. Azterketa sakon bat egin behar dugu zorrari zelan aurre egin erabakitzeko, eta lurrekin eta proiektuarekin zer egin ebazteko. Azterketa horretatik zer ateratzen den ikusi beharko dugu. Horri buruz, dena den, oraingoz ezin dezaket ezer aurreratu.

Hausnarketa prozesua ez duzue eten, beraz.

Ez. Gabon buelta ez da izan garairik onena horretarako. Baina bagabiltza irtenbideak aztertzen.

Bizkaiko abetzain eta okelaren industriarentzat zer dakar egoera horrek?

Animaliak hiltzeko, urrunago jo behar dute abeltzainek; beraz, horrek gastu handiagoa esan gura du eurentzat. Sektorearentzako kolpea izan zen Erralde ixtea, eta, ziurrenik, irabazi txikiagoak izango dituzte. Hala ere, egia esan, ez daukat datu zehatzik.

Administrazioen jarrerei dagokienez, zein iritzi daukazu?

Ezer gutxi. Inork ez du erantzukizunik hartu bere gain, edo agian ez du uste berari dagokionik. Ez da egon mugimendurik. Bakoitzak autokritika egin beharko luke, eta ea zein irtenbide aurkitzen den ikusi.