Azkuna: “Bilbotarren indarrak eragin du aldaketa”

Astelehen gauean iragarri zuen City Mayors fundazioak Iñaki Azkuna Bilboko alkatea aukeratu zuela 2012ko munduko alkaterik onena. 900 lehiakide izan ditu. Azkunak azaldu duenez, “Bilboren eraldaketa bilbotarren indarrak eragin du. Izan ere, Hemingwayk adierazi zuen legez, hiri industrial bat, itsusia eta zikina, hiri garbiago, gardenago eta zerbitzudun bihurtzea zaila izan da”. Gogora ekarri du 1980ko hamarkadako “krisi gogorra”, eta “hutsetik” hasi behar izan zutela gaineratu. Orduantxe sortu ziren, haren esanetan, “Guggenheim museoa, itsasadarraren garbiketa, tranbia eta halako proiektuak”. Horiek guztiak hiritarren “pertseberantziari esker” lortu direla uste du. Gainera, ondorioztatu du hiritarrek eurek nahi izan ez balute agintariok ezin izango luketela aurrera egin.

Kudeaketa ekonomikoari dagokionez, Azkunak esan du “ahalik eta gardenena” izan dela. Zorrak ordaindu dituela adierazi du, “zero zorra” lortu arte eta Bilbon egindako inbertsio guztietan administrazio guztien parte hartzea lortu dutela gaineratu. Udalak, bestalde, auzoak kudeatu eta horietan inbertitzeko lana hartu duela esan du.

Auzoetan egindako lan horri buruzko iritzi desberdina duenik ere bada, ordea. Laura Mintegi Eusko Legebiltzarreko EH Bilduko bozeramailearen ustez, sariaren sustatzaileak “parametro makro batzuetan” oinarritzen dira, Azkuna auzoetako alkate ere baden arren. Izan ere, auzo horietan “komunikazio eskasak eta bete gabeko beharrizanak” daudela iritzi dio. Aitziber Ibaibarriaga Bilboko Bilduko zinegotziaren esanetan, sariak hiriko eraikinak eta arkitektoak besterik ez ditu kontuan hartu. Esan du koalizioa ez datorrela bat hiriaren estetika saritzen duen eredu horrekin, “pertsonak eta beharrizanak bigarren lekuan” uzten dituelako.

PPk eta PSEk, bestalde, zoriondu egin dute. Antonio Basagoiti Bilboko PPko zinegotzi ohiaren ustez, gainera, sariaren “zatitxo bat” berari ere badagokio, Azkunaren agintaritzako lehenengo urteetan berak egindako oposizioak “alkate gardenago eta hobea izatera bultzatu zuelako”.