Izar distiratsuaren arrastoan

Olentzerok egin zuen menditik beherako bere ibilaldia Bizkaiko txoko guztietako haurren eta helduen gozamenerako. Asteburu honetan, berriz, zaldiz, trenez zein itsasontziz iritsiko dira Ekialdeko Hiru Errege Magoak. Eta herri askotan harrera egingo diete bihar arratsaldean, gauez opariak etxez etxe uzteko indarrik falta ez dezaten.

GATIKA

Erregeak, morroiak, artzainak eta baserritarrak 17:00etan azalduko dira Gatikako kaleetan. Hain zuzen, ordu horretan abiatuko dira Larrate azpitik herrirantz. 19:00etan frontoian elkartuko dira, eta umeek idatzitako gutunak irakurriko dituzte.

Hara bilduko direnei ez zaie gozokirik faltako. Txokolatea ere banatuko diete guztie. Saioan zehar abestiak eta dantzak ere antolatu ditu. Urtero legez, jaiotza biziduna ere antzeztuko dute gatikarrek. Intxurtu dantza taldeak antolatzen du jaia.

DURANGO

Durangora Congregaciones Marianas elkartearen eskutik iritsiko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar. 18:30ean aterako dira Frai Juan de Zumarragatik. 19:00etan, geldialdia egingo dute Ezkurdi plazan. Handik, udaletxeko plazara joko dute: 19:20rako aurreikusi dute etenaldi hori. Bukatzeko, 20:00etan, Andra Mariko elizpean elkartuko dira.

KARRANTZA

Enkarterrin ere ez da Erregerik eta haien segiziorik faltako. 17:30ean jarri dute ateratzeko ordua. Kultur Etxetik abiatuko dira Ekialdeko Hiru Errege magoak. Handik Concha auzorako bidea hartuko dute. Ostean, zaharren egoitzara egingo dute bisita. Handik, berriz ere, Concha igaroko dute. Anbasaguastik ibilbidea egin eta gero, Sainz Indo plazan bukatuko dute desfilea; Concha auzoan hori ere.

SANTURTZI

Kostaldeko herriaren ohiturari jarraikiz, Santurtzin itsasontzia ez den beste bide batean ezin zitezkeen lurreratu Erregeak. 17:00etan egingo die harrera alkateak portuan, eta herriko giltzak emango dizkie. 18:00etan abiatuko da desfilea, Kabiezeseko Axular kaletik. Cotillo, Antonio Alzaga, J. M. Barandiaran, Murrieta etorbidea, Santurtzi parkea, Mendizabal Kapitaina, Juan XXIII.a, Maestro Calles eta Viñas igaroko ditu. Udaletxean bukatuko dute ibilbidea. 19:30ean, Torre jauregian egingo zaie harrera.

BERMEO

18:00etan emango diote hasiera Bermeon desfileari. Herriko kaleetan zehar ibiliko dira Hiru Errege Magoak. Kalejira amaitzen dutenean, bertaratzen diren umeek Erregeekin eurekin argazkiak ateratzeko aukera izango dute. Horretarako, udal liburutegira jo beharko dute; han izango dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar horretarako prest. Busturialdeko beste hainbat herritan ere izango dira desfileak, besteak beste, Gernika-Lumon edo Busturian.

IGORRE

Igorren 18:30ean hasiko dute desfilea. Mandoia kalean zehar egingo dute. Bestalde, domekan, Arratiako egoitzetatik bisitan ibiliko dira Hiru Errege Magoak.

Arratialdean desfile gehiago ere izango dira bihar. Besteak beste, Bedian, 18:00etan hasiko da desfilea; Lemoan, parrokiako katekesi taldeak antolatuta, 18:30ean aterako da udaletxetik.

GETXO

Bi zatitan banatutako desfilea izango dute Getxon. 18:00etatik aurrera, zazpi karroza eta bi fanfarrek emango diote hasiera ibilbideari. Lehenengoa, Andra Mari eta Algorta auzoetan egingo dute, eta, bigarrena, Areetan eta Erromon. Bi tona gozoki banatuko dituzte aurtengo desfilean; zeliakoek ere jateko modukoak.

Desfilearen lehenengo zatia Andra Mariko kiroldegian hasiko da, 18:00etan. Auzo hori zeharkatu ostean, Algortara pasatuko da. Bertan, Maidagan kalean, Aingeruko etorbidean eta Telletxe eta Maria Andresena kaleetan zehar ibili ondoren, Kasinoaren aurrean amaituko da. 19:00 aldera, ibilbidea bukatuta, Algortako kultur etxera abiatuko dira Erregeak, txikienekin berba egitera.

19:30ean emango diote hasiera desfilearen bigarren zatiari, Areeta eta Erromo auzoetan. Areetako etorbidean hasi eta ondoko ibilbidea egingo dute: Kale Nagusia, Ezekiel Agirre, Kresaltxu, Gorbea eta Gorbelaurre. 20:15ean, Andres Isasi musika eskolara joango dira, eta umeek oparitarako zer gura duten eskatzeko azken aukera izango dute.