Herriko liburuak denon eskura

Liburuak denon ondarea direlako. Liburuetako jakituria, historia, istorioak, abenturak, informazioa… denonak eta denontzat direlako. Ideia hori buruan hartuta jarri du Markina-Xemeingo herri liburutegiak Astindu etxeko liburuak proiektua martxan. Herri osoko artxiboa osatu nahi dute, etxeetan dauden liburuak ere barne hartuta. Denen liburuak denentzat izateko.

Proiektu horretan herritarrek euren etxeetan dauzkaten liburuak antolatzea eskaniko da. Hau da, liburutegiko arduradunak etxerik etxe joango dira, etxe bakoitzeko liburuak artxibatzera. Trukean, etxeetako liburuak bibliotekako datu basean gordeko dira, erabiltzaile guztiek erabiltzeko modura. Uzten diren liburu horiek bakoitzak bere etxean edukiko ditu. Norbaitek eskatzean jabeari deitu eta bibliotekakoekin adostuko da liburua nola utziko den maileguan.

Partekatu eta aurreztu

Proiektua martxan jartzeko hainbat arrazoi daudela azaldu du Igor Idoeta Markina-Xemeingo Herri Bibliotekako arduradunak. Alde batetik, alde filosofikoa edo ideologikoa dago. “Diru publikoa zertan gastatzen dugun kontzientzia hartu behar dugu”, dio Idoetak. Izan ere, denok denona partekatuz gero asko aurreztuko litzateke. Eta horretaz aparte, partekatzea filosofia modura ulertzen du Idoetak. Ondorioz, elkarrekin banatuz gero diru publiko aldetik eta ideologikoki irabaziko litzatekeela uste dute proiektuaren bultzatzaileek.

Horrela dela uste du Gorka Fundazuri Markina-Xemeingo kultura zinegotziak ere. “Oso garrantzitsua deritzogu herrian horrelako proiektuak egoteari”, azaldu du. “Balio positibo asko transmititzen ditu: liburuak elkarrekin banatu, proiektu batean parte hartu, herritarrek elkarri lagundu…”. Horretaz gain, dirua aurrezteko ere balio du, eta pentsatzen du hori “garrantzitsua” dela gaur egun dagoen krisiagaz. “Oso pozik gaude gure herria proiektu honetan aitzindaria izan delako”, gaineratu du.

Alde ideologikoaz aparte, beste alde bat be nabarmendu du Igor Idoetak: alde praktikoa. Adibide askotarikoak jarri ditu azaltzeko. Adibidez, gehien saldu den liburu bat argitaratzen denean jende askok eskatzen duela adierazi du Idoetak. “Liburutegiek erosi egiten dituzte, eta handik tarte batera inork ez ditu eskatzen”, dio. Gainera, gehien saldutako liburuen kasuan ale asko erosita ere jende mordoa egoten da irakurtzeko zerrendan. “Proiektu honekin, etxean daukanak utzi ahal izango luke, eta, nire ustez, jendeak ez luke arazorik edukiko etxeko liburu hori uzteko”. Idoetaren esanetan, “horrekin dirua aurreztuko litzateke; eta ez diru gutxi, gainera”.

Beste adibide bat eskoletan umeei urtero irakurtzeko jartzen zaizkien liburuak izango lirateke. Irakasgai desberdinetan derrigorrez irakurtzeko liburuak egoten dira. “Liburu horiek seguru herrian badaudena, etxe askotan”, azaldu du bibliotekako arduradunak. “Ikasleak eskatzera etortzen direnean astebete edo hamabost egun itxaron behar izaten dute beste liburutegi batzuetatik ale gehiago ekartzeko”. Proiektu honekin, herrian bertan edukiko lirateke liburu horiek, eta arinago lortu ahal izango lirateke.

Hirugarren adibide bat ere jarri du proiektuaren sortzaileak: unibertsitateko eskuliburuena. “Biblioteka publikoa garenez, ezin dugu unibertsitateko eskuliburuekin behar egin”, azaldu du Idoetak. Askotan administrazioa, politika… unibertsitateko ikasketa askotan erabiltzen dira eskuliburu berdinak. “Guk ezin ditugu eskuliburu horiek erosi”. Oso garestiak direla dio. “Guk eduki ezingo ditugun arren, proiektu honi esker, etxeetako liburuekin zerbitzua emango litzateke”.

Liburuak lagatzeko prozedura

Proiektuan parte hartzeko prozedura “erraz-erraza” dela jakin eragin du Igor Idoeta arduradunak. “Gainera, apur bat erabiltzaileen gustura egingo dugu dena”, dio. “Hau ez da zerbait itxia, aukera asko daude, eta zabalik gaude edozertara”.

Alde batetik, etxeko liburuak uzteko prest dauden herritarrekin jarraituko duten prozedura. “Geu joango gara etxez etxe liburuak katalogatu eta artxiboan sartzen”, dio. Artxibatzeko modurik errazena liburuen jabeen etxeetan Interneta edukitzea da, bertatik egin ahal izateko. Beste aukera bat, etxeko liburuen zerrenda bibliotekara eraman eta beharginek katalogazioa han bertan egitea da.

Ostean, etxe bakoitzaren artxiboa egiteko ere hainbat aukera daude: “Bakoitzak bere liburutegia nahi duen eran zabal dezake. Onartuko da liburu denak laga beharrean bat edo batzuk ez uztea. Liburu kuttun bat, adibidez, inori laga nahi ez dena, ez dugu herri bibliotekako artxiboan sartuko”, dio.

Bestetik, etxeko liburutegia datu basean zelan sartu ere aukeratu ahal izango dute liburuen jabeek. Hau da, bibliotekako liburuekin egiten den legez, erreferentziak jarri nahi diren edo liburua dagoen legez ezer gabe utzi aukeratu ahal izango da. “Aukera hori bakoitzaren esku egongo da”, dio Idoetak.

Gainera, bakoitzak bere liburuak non laga nahi dituen ere aukeratu ahal izango da. “Utz daiteke Markina-Xemeingo jendearentzako bakarrik, edota liburutegien sarearen barruan edozein herritako edozein pertsonarentzat. Guk erabiltzen dugun programa informatikoak hori aukeratzen uzten digu, beraz, ez dago arazorik”, azaldu du. Azkenik, katalogoan ez dela “inoren izenik agertuko” azpimarratu du Idoetak, liburutegietako programan “kokaleku berezia” jarriko duela.

Liburuak jasotzeko aukerak

Herri bibliotekako edozein erabiltzailek norbaiten etxean dagoen liburu bat eskatzen duenean hurrengo prozedura egingo da. Lehenengo, liburuaren jabeari deituko zaio. Eskaria egin duena nor den esango zaio beti, berak jakin dezan nork edukiko duen bere liburua. Horrela, liburuaren jabeak aukeratu ahal izango du liburua laga edo ez.

Liburuak maileguan hartzeko prozedura oso zabala izango da. “Gurea herri txikia da, eta kasu bakoitzean ikusiko da nola egin maileguarena: liburuaren jabea eta erabiltzailea elkarregaz geratu, liburua bibliotekara ekarri, bibliotekako arduradunek eurek eroan… herri txikian bizi garenez, formula horrek balio digu”, dio.

Proiektuan parte hartzeko, bada, Herri Bibliotekara joan besterik ez da egin behar. Hara joan, izena eman, eta etxeko liburuak astintzen hasi. Urtarrilean hasiko da egitasmoa martxan. Astiro-astiro artxiboan ahalik eta herriko liburu gehien sartuko dira.