Gabon giroa ez da eten

Gabon giroa

Santurtzi

Gabon gaua, Olentzero eta Gabon zaharra igaro dira. Gabonetako giroak, ordea, ez du etenik hainbat eta hainbat herritan. Erregeak ere iristear dauden honetan, Santurtzin jarduera eta ekitaldi ugari dituzte oraindik, urtearen hasierako asteburu honetan.

Abenduaren azken txanpan udalak martxan jarri zituen Gabonetako hiru parkeek zabalik jarraituko dute gaur eta bihar ere. Gernika parkean, Kabiezeseko kiroldegian eta Mamariga kulturgunean daude. Gaur, 11:30etik 14:30era eta 17:30etik 20:30era egongo dira zabalik. Bihar, bestalde, goizez baino ez dira ariko. Gaur, gainera, Gernika parkeko gunean, Paperezko Zirkua ikusteko aukera izango da.

Gazteentzako jarduerak ere antolatu dituzte. 14 eta 30 urte arteko gazteentzako dira jarduerok. Horretarako, Gaztebox erabili dute. Gaur ere zabalik egongo da 11:30etik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Bertan, besteak beste, bideo jokoekin eta mahai futbolean aritzeko aukera izango da. Horrez gain, egunaren arabera, hainbat tailer eskaini dituzte: jokoak, makillaje profesionala, hip hopa, DJak, argazkilaritza…

Bestelako ekitaldiak ere aurreikusi ditu udalak. Esaterako, gaur, 12:30etik 14:00etara bitartean, Gaztela eta Leongo (Espainia) dultzaineroak ariko dira kalejiran. Domekan, azkenik, 18:00etatik 21:00etara, nagusientzako dantzaleku bihurtuko da Gernikako parkea.

JARDUERAK

Gabonetako parkeak. Gernika parkean, Kabiezeseko kiroldegian eta Mamariga kulturgunean. Gaur, 11:30etik 14:30era eta 17:30etik, 20:30era. Bihar, goizez bakarrik.

Gernikako Gabonetako parkean. Gaur, Paperezko Zirkua. 19:00etan.

Gaztebox, zabalik. Gaur, Mamariga kulturgunean, 11:30etik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara.

Kalejira. Gaur, Gaztela eta Leongo (Espainia) dultzaineroen kalejira, 12:30etik 14:00etara.

Igandean. Nagusientzako dantza saioen agertoki bihurtuko da Gernika parkea, etzi, 18:00etatik 21:00etara bitartean.