Bizkaiko eremuan, atzerritar

Trebiñu administratiboki Burgosko (Espainia) herria izan arren bertako herritar gehienek Euskal Herriko, Arabako herri bihurtu nahi dutela ez dakienik ez da egongo. Bizkaian bertan, ordea, bada askorentzat ezezaguna den antzeko kasu bat. Enkarterri eskualdean dagoen herri txiki bat da. Karrantza, Artzentales eta Turtzioz ditu mugakide. Administratiboki, ordea, Kantabriaren (Espainia) menpe dago. Laurehun biztanle ere ez ditu, eta hogei kilometro koadroko eremua: Villaverde Turtzioz da herri hori.

Aspaldi, bertako herritarrek herria Bizkaian sartzeko saioa eta prozesua abiatu zituzten. Udalak bera ere esku hartu zuen, eta 1986an, osoko bilkura batean, oniritzia eman zioten anexioa eskatzen zuen mozioari. Espainiako Gobernuak, ordea —PSOE zegoen garai hartan agintean— atzera bota zuen Villaverde Turtziozko herritarren erabakia, eta gaur egunera arte ez da era horretako bestelako saiorik izan.

“Gaur egun, herrian ez dago enklabeari buruzko eztabaidarik”, azaldu du Jose Ignacio Agirre bertako Tejea kultur elkarteko kideak. “Denbora luzea daramate gauzek lasai. Jendeak onartuta dauka afera politikoa dela hori eta Kantabriako politikariek ez dutela onartuko lurraldez aldatzea”, iritzi dio.

Eliza ere, bizkaitarra

Bizimodua, baina, Enkarterriko beste edozein herritarren antzera egiten dute Villaverde Turtziozen. “Oinarrizko zerbitzuak Enkarterriko beste herri baten antzera gauzatzen ditugu: eskolatzea, osasun arloa eta bizimodu soziala zein kulturala”.

Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu publikoak baliatzen dituzte hainbat alorretan. Kontuan hartu behar da Santandertik (Kantabria, Espainia) 79 kilometrora daudela. Elizari dagokionez ere, Bilboko Elizbarrutiko parte da herriko parrokia.

Umeek, beraz, euskara ikasten dute eskolan. “Duela zenbait urteko ez dakit zer-nolako gorabehera politikoak tarteko, herriko eskola publikoa kendu zuten. Ordutik, ume gehienak Turtziozko eskola publikoetara eramaten dituzte; gainerakoak Zallako eskola pribatuetara joaten dira. Bizkaiko eskoletan ari dira ume guztiak txiki-txikitatik”, azaldu du Agirrek. Eskola sasoia amaituta, “Balmasedako edo Bilbo inguruko institutuetan” hasten direla gehitu du.

Zabor bilketa eta autobus zerbitzua ere foru aldundiak ematen dizkie. “Ez dago Kantabriako autobus linearik Villaverden. Bizkaibus lineak dira guztiak. Zaborrei dagokienez, Enkarterriko mankomunitatearekin funtzionatzen dugu”.

Gazteak dira euskal herritar sentimenduari eta Bizkaiko herri bihurtzeko nahi horri eusten diotenak. “Gazteen artean, bai, zalantzarik gabe, nagusi da sentimendu hori. Kontuan hartu behar da txiki-txikitatik bizimodua Enkarterrin egiten dutela eta harremanak eremu horrekin dituztela. Oso gazte gutxik izango dute Kantabriarekiko lotura sentimendua. Onartu egiten dute Kantabriaren menpeko herri batean bizi direla; pentsamendu, kirol, harreman eta bestelakoei dagokienez, ordea, Euskal Herriarekiko gertutasun sentimendua dute”, ondorioztatu du.

PRCko (Partido Regionalista de Cantabria) alkatea daukate gaur egun udalean, “Miguel Angel Revillaren jarraitzaileak”, Tejea elkarteko kidearen esanetan. “Revillak, herritar on legez, asko hobetu zituen Villaverde Turtziozko azpiegiturak, bizimodua… Kantabriako gobernuan egin zituen urteetan”, esan du. Horrek bertako herritarrak lasai mantendu dituela deritzo, 1980ko hamarkadan piztu zen prozesua berriz abiatzeko beharrik gabe.

Desanexio prozesua

Ricardo Sanz Cebrian aritu zen Villaverde Turtzioz Bizkaira anexionatzeko prozesuko abokatu gisa. 1986ko irailean idatzi zuen hark udalak gehiengo osoz onartuko zuen mozioa. “1995eko abenduaren 29ko epai baten bitartez, udalak integraziorako egindako akordioa onartu zuen [Espainiako] Auzitegi Gorenak”.

Espainiako Gobernuari erreferenduma egiteko eskaera egin ziotenean, ordea, ukoa etorri zen. “Ministroen Kontseiluak atzera bota zuen baimen hori. Eta [Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ere bat egin zuen horrekin”.

Villaverde Turtziozko herritarren artean, 1986 eta 1991 bitartean “ilusio sentimendua” nagusi zela gogorarazi du abokatuak. “Bertako gazte asko euskara ikasten ari ziren, eta bizilagunek, gainera, Kantabriaren aldetik utzita zeudela antzematen zuten”. Sanz kritikoa da: “Beti pentsatu izan dut era horretako enklabeak anakronismo hutsa direla. Enklabeon egoera administratiboak zaildu egiten du zerbitzu publikoen kudeaketa. Dena den, uste dut integraziorako prozesu batean kontuan hartu behar den oinarrizko faktorea herritarren, kasu honetan, Villaverde Turtziozko herritarren borondatearekiko errespetua dela”.

Bestalde, ez du uste luze gabe herritarren artean berriz ere Bizkaian integratzeko nahia piztuko denik. “Are gutxiago dugun krisi sakonean”, esan du. Krisi garai horretan “primun vivere, deinde filosofare (lehendabizi bizi, ostean filosofatu) latinezko adierazpenak indar berezia” hartzen duela deritzo, gainera. Legeari dagokionez, egoera ez da aldatu. “Ministroen Kontseiluaren arabera, integrazio prozesuaren aurretik Kantabriak berak Villaverde Turtzioz bere lurretatik bereizteko prozedura onartu behar du. Eta autonomia estatutuak ez du aurreikusten horrelakorik”.

Villaverde Turtziozera doanak planteatu ere ez du egiten, Jose Ignacio Agirreren esanetan, Euskal Herrian edo Kantabrian dagoen. “Egunerokoan, Enkarterriko beste edozein herriren antzekoa da. Lurralde hesi bat daukagu, baina ez dugu inongo desberdintasunik gure eskualde naturaleko beste edozein herritarrekin alderatuta”.