Aspalditik datorren aldarrikapena

Oso haran lauak eratzen du Villaverde Turtzioz, Aguera ibaiak zeharkatuta. Herrian bertan, Tejea mendietan sortu eta Guriezon (Kantabria, Espainia), Oriñongo hondartzan itsasoratu arte 20 kilometroko ibilbidea egiten du ibai horrek. Ibar oso emankorra dauka, lautada eta lur onekin. Baina oso berezia da bertako bizilagunek duten egoera.

Gaur egungo egoera berezi horretara iritsi arte, historia luzea izan du Villaverde Turtziozek. Eta oinordetza kontuek eragin zuten Bizkaiko herri hori Kantabriaren eskuetara igarotzea. Hala jaso du Ricardo Santamaria eta Marta Zaldibarrek idatzitako liburuak: Villaverde de Turcios en el corazon (Villaverde Turtzioz bihotzean).

Herri horren historia Bizkaiko Jaurerriko Enkarterrira lotuta dago. XII. mendean batu zitzaion, lege zaharra indarrean zegoen garaian. XV. mendera arte Enkarterriko eskubide berberak zituen Villaverde Turtziozek eta Avellanedako batzarretan botoa ere bazegokion.

XIV eta XV. mendeetan, Avellanedatarrek Artzentales, Turtzioz eta Villaverde menderatu zituzten. Lehenengo biak berriz ere Bizkaiko Jaurerrian sartu ziren; Villaverde Turtziozen patua, ordea, beste bat izan zen. Pedro Fernandez de Velasco Haroko kondeak 500.000 marabediren truke erosi zion Diego de Avellanedari, Lope de Otxoa de Avellanedaren sasiko semeari. Salmenta horretatik aurrera hasi zen Bizkaia Villaverde Turtzioz galtzen.

Handik zenbait urtera, Pedro Fernandez de Velascok Antonio de Velasco semeari eman zion Villaverde Turtzioz. Horrek uko egin zion oinordetza horri, frantziskotar sartu baitzen, eta Pedro de Velasco anaiaren esku utzi zuen.

Operazio horren ostean, Villaverde Turtzioz behin betiko geratu zen Velasco familiaren esku. Haran hori Gaztelako Kondestablearen Jaurerriarena bilakatu zen eta Sobako eremuaren barruan geratu zen. Ondorioz, Kantabriako eremu bihurtu zen, eta Bizkaiko Jaurerriko Enkarterritik banandu.

Villaverde Turtzioz jaurerri partikular baten mende geratu izanaren ondorioz, Enkarterrikoek ez zuten bertakotzat, eta batzarretan ordura arte zuen boto eskubidea kendu zioten. Hala ere, batzarrotara joaten jarraitu zuten herriko ordezkariek, eta aurreko garaiko zenbait askatasun eta eskubide izan jarraitu zuten: jurisdikzkio berriko zubi, kai eta galtzadak mantentzeko zerga salbuespenak, besteak beste.

Jurisdikzkio aldaketa egin zutenetik, eta XVIII. mendea hasi arte, Villaverde Turtziozko bizilagunek euren eskubideak aldarrikatzeari ekin zioten, baita Enkarterriko herri izaten jarraitzeko nahiari ere.

Santamariak eta Zaldibarrek liburuan aipatzen duten adibide baten arabera, Felipe III.aren erregealdian Añanako (Araba) administratzaileek nahi zuten Villaverde Turtziozkoek gatza bertatik har zezaten. Erregearengana jo zuten zuzenean Villaverdekoek, eta hark erabaki zuen nahi zuten lekutik har zezaketela gatza. Baimen hori eman zien dokumentuan bertan jartzen zuen haran hura Bizkaiko zati zela eta foru eskubideak zituztela.

Bestalde, 1833. urtearen bukaeran Javier de Burgos Espainiako Sustapen ministroak lurraldearen antolaketari ekin zion: Administrazio zentrala, lurraldeen administrazioa eta tokikoa desberdindu zituen. Villaverde Turtzioz Santanderko probintziaren barruan sartu zuen, bertako diputatuak behin eta berriro saiatu ziren arren herria Bizkaiaren barruan sar zedin. Bizkaira bueltatzeko nahi hori, beraz, aspaldikoa dute.