“Barinatxek ipar norabideko haize aldaera guztiak ditu”

Txoria izan, hegalak zabaldu eta hegaz joatea, aske. Askorentzat ametsa, utopia, baina Sopelako kostaldean egia bihurtua. Airetik parapente taldeak Uribe Kostako amildegirik ederrenetan aireratzeko aukera eskaintzen du, txorien pare hegan egiteko. Alfonso Angulo sopeloztarra da taldearen presidentea eta sortzailea. Txikitatik izan du gustuko hodei artean olgetan ibiltzea; hots, ez da lumatu gabeko txorikumea: “Parapentean lehen aldiz 18 urterekin ibili nintzen, adin nagusitasuna bete eta berehala”.

Hasiera batean mendizalea bazen ere, mendian gora eta behera ibiltzeak ez zion guztiz asetzen askatasun grina: “Sasoi hartan, mendira joatea asko gustatzen zitzaidan, baina bakarrik mendia igotzea; jaisteak ez ninduen motibatzen”. Bizkaiko Foru Aldundiak parapentean ibiltzeko ikastaroa eskaintzen zuela ikusi, eta zalantza barik izena eman zuen: “Kuadrillako bost animatu ginen, eta parapente bat boston artean erosi genuen. Zorrez beterik egon ginen! Ni naiz honetan jarraitzen duen bakarra”.

Egun hedatuagoa dagoen arren, garai horretan ez zen batere ohikoa hegalariak Euskal Herriko zerutik ikustea. Aitzindariak izan ziren Sopelan, eta ez edonola, gainera. Izan ere, Bizkaiko kostaldeko inguru honetan, hegan egitea erabakitzen dutenek, haranak eta mendiak barik, itsasoa izaten duten azpian. Ura eta ura, berriz lehorrera itzuli arte.

“Orain 24 urte hasi zen parapentea Euskal Herrian zabaltzen. Aurretik Frantzian egiten zen gehienbat”. Kirol arriskutsutzat hartzen zen; arrazoiz, agian: “Parapenteak ezberdinak ziren orduan, orain baino arriskutsuagoak. Hasierakoa ikerketarako sasoia izan zen, baina azken urteetan eboluzio nabarmena izan du”.

Anguloren arabera, kirol hori guztiz segurua da, baina aitortu du beldurti ugari joaten direla Airetik taldearen ikastaroetara. Kabitik atera berri diren txoriak legez: “Hasierako kontaktua da zailena. Jendeak pentsatzen du: ‘Benetan mukuzapi honek airean eramango nau?'”.

Lehen aldia Barinatxe hondartzan izan zuen, Sopelan. Hain zuzen ere, bertan eskaintzen ditu egun ikastaroak Airetik taldeak: “Egun horretan urduri nengoen, baina parapente egiten hondartzara jaitsi nintzenean, aldapa korrika igo nuen berriro errepikatzeko”.

Eta hori gertatzen zaie parapentea probatzen dutenei. Hogei minutuz txori sentitzea ez ei delako nahikoa: “Hasieran, bezero gehienak urduri egoten dira, beldurtuta, inpresioa ematen duelako. Baina gero minutu batean konturatzen dira erratuta zeundela, airean oso ondo sentitzen zarela: probatzen duten gehienek errepikatzen dute!”.

Anguloren ustez, airean zaudenean sentitzen duzunak ez du parekorik. Amaierarik ez duen gutizia baten zaporea da. Anguloren pertzepzioa aldatu egin da, ohitu egin delako airean egotera, baina hasiberriek zer sentitzen duten deskribatzeko hitzik ez dagoela iritzi dio: “Jendea aske sentitzen da, guztiz libre, laugarren dimentsio batean sartuko bazina bezala. Beldurra ahaztu eta, bat-batean, lasai sentitzen zara”.

Eta, gainera, Sopelako kostaldeak eskaintzen duen ikuspegia ez da nolanahikoa: labar ikusgarriak, amildegi zorrotzak, zerua eta itsasoa elkartzen duen muga ikusezina… “Jendea harrituta geratzen da. Espainia osotik etortzen da jendea, eta badira inguru hau ezagutzen ez duten bizkaitarrak ere, eta etortzean ahoa bete hortz geratzen dira”.

Aukera zabala

Barinatxen, gainera, beste hainbat jarduera egin daitezke: surfa, ibilbideak kostaldetik, kometak aireratu… Itsasotik datozen haizearen ufadek askotariko aukerak eskaintzen dituzte. “Erabilera ugari ditu hondartza honek, eta parapenteak beste osagai bat eskaintzen dio”. Parapentean aritzeko, ezinbestekoa da haizearen norabidea eta indarra egokiak izatea. Aske, beraz, baina haizearen menpe, eta Bizkaiko inguru honetan badaki harrotzen: “Barinatxe oso egokia da parapentean aritzeko, ia-ia ipar norabideko haize aldaera guztiak dituelako: 120 graduko aukera du”.

Kaioak, elaiak, txepetxak, txatxangorriak, usoak… mota askotako hegazti ugarik zeharkatzen dute Uribe Kostako zerua. Bada, parapente egitera ere adin eta jatorri ezberdinetako hegalariak animatzen dira. Gizon eta emakumeen artean ere ezberdintasuna igarri du Angulok: “Emakumeak dira gehien animatzen direnak proba egiten, baina gero mutilek gehiago sakontzen dute”.

Baina badira bestelako hegaztiak ere Sopelako zeru gainean. Irailaren 15ean, esaterako, Airezko Inauteria antolatu zuen Airetik taldeak: mozorroa eta parapentea uztartzen dituen txapelketa dibertigarri eta originala. “Aurtengo txapeldunak Barman eta Pedro Harriketarra izan dira”, gogoratu du Angulok egun hartako emaitza.