Garaieratik datorren arazoa

Zikoinek toki garaietan egiten dituzte habiak, kanpandorre, teilatu eta zutoin puntetan, besteak beste. Hegazti horien bizitokiak 400 kilo arteko pisua eta metro eta erdiko diametroa izan dezake. Dimentsio horren ondorio dira eraikinak hondatzea eta gizakiarentzat arriskutsuak gerta daitezkeen hainbat egoera sortzea. Pertsonek ez ezik, zikoinek ere istripuak izaten dituzte. Adibidez, argindar zutoinetan geldituta behin baino gehiagotan elektrokutatu dira. Bada, horri guztiari aurre egiteko asmoz, Urduñan dauden habiak toki seguruago batera aldatzeko asmoa du Bizkaiko Foru Aldundiak.

Urduñako lekualdatzea ez da izango Bizkaian egingo den aurreneko saiakera. Zornotzan ere ahalegindu dira aurreko urteetan. Durangaldeko herrian telefonia zutoin baten gainean egin zuten habia zikoinek, 2008an. Arrisku handia ekar zezakeenez, handik 150 metrora zegoen parke batean berriz jartzea erabaki zuten. 2010ean egindako aldaketak arrakasta izan zuen, hurrengo urtean habi berrira joan baitziren.

Urduñako aldaketarekin, berriz, ez zen gauza bera gertatu. Iaz ikastola baten ondoan zeuden bi habia ordezkatu zituzten, oinezkoentzat arriskutsuak zirela argudiatuta. Handik 170 metrora dagoen erlijio kongregaziora eraman zituzten, baina arrakastarik gabe, ez baitziren hara egokitu. “Batzuetan habiak garraiatzea ez da irtenbiderik egokiena. Horregatik, zenbaitetan lekuz aldatzea baino eraginkorragoa da habia kentzea eta hurrengo urtean zikoinek zer egiten duten ikustea”. Hitzok Jon Hidalgo Lurgaia fundazioko kidearenak dira — lehen Urdaibai fundazioa zenekoarenak—. Aurten, nolanahi ere, Urduñan egingo duten bigarren saioan, habietako bat lekualdatu egingo dute berriro ere.

Goranzko joera

Nahiz eta zikoinak ikusteak askori ilusioa egin, ez dira asko inguruko herrietan dauden bikoteak. Hala ere, azken urteetan hegazti horien kopuruak gora egin du nabarmen. 1989an, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan hiru bikote baino ez zeuden; 2004an, ordea, 37 ziren. Bizkaiari dagokionez, hamazazpi bikotek egiten dute bisita udaberriro: Durango, Forua, Igorre, Mungia, Murueta, Plentzia, Urduña eta Zornotzako herritarren begiak dira horren lekuko zuzenak.

Hazkunde horretan berebiziko lana egin du Lurgaia fundazioak. Hidalgok esan duenez, fundazioaren helburua Urdaibai aldean zikoina zurien kopurua haztea zen. Hasieran zailtasunak izan arren, orain da lan horren emaitza ikusteko unea. “Hegaztiak ugaritzea zen gure xedea. Hasieran, Urduñan eta Durangon bakarrik zeuden. Egun, gero eta zikoina gehiago daude Bizkaian zein Kantabrian (Espainia)”, azaldu du.

Fundazioaren ugalketa proiektua bukatuta dago. Orain, erakundeei dagokie hegaztiei kontrol lana egitea. “Gure egitasmoa amaituta dago. Foruan kaiola erraldoietan urtebetez izan genituen zikoinak hemengo girora egokitzen”. Epea igarota, askatu egin zituzten haien jokaera zein zen ikusteko. Herriko baldintzetara ohitu, eta bertan egin dute habia ondorengo urtean.

Habia leku seguru batera mugitzea bezain garrantzitsua da sasoi eta modu egokian egitea aldaketa. Horregatik, kumeek sei aste inguru dituztenean egiten da, ekain aldera. Era berean, hegaztiak ahalik eta gutxien mugitzea komeni da. “Bizitoki zaharra dagoen inguruan jarri behar da bizitoki berria. Asko urruntzen bada, lekualdaketak ez du arrakastarik izango”, azaldu du Hidalgok.

Aurrena, habia berria eraiki behar dute arduradunek. Bizitokia zortzi eta hamar metro arteko garaiera duen zutoin baten gainean kokatuta egongo da. “Zikoinek oso toki garaietan egiten dute habia, altuerak segurtasuna ematen dielako. Bizileku berria ere antzeko baldintzetan eraiki behar da, bertan ugalduko badira”, argitu du.

Behin lekua erabakita eta makila jarrita, puntan metro bateko diametroa duen metalezko plataforma lau bat jarri ohi dute. Gurutzatutako makilak gainean ipini, eta goroldio, lasto edo lurrarekin atontzen da habiaren beheko aldea. Gerora, zikoinek eurek egokitu ohi dute beren erara. Hegaztiak tokiz aldatzeko garaian ezinbestekoa da kumeek gurasoak begi bistan izatea, bestela elkar ez ezagutzeko arriskua baitago. Era berean, bizitoki zaharra alboratzea ere komenigarria izaten da. Izan ere, zikoinen joera izaten da urtero-urtero habia toki berean jartzea.