Barkuz joan ziren ‘gerrako umeak’

Maiatzaren 5eko arratsaldean izugarrizko jendetza bildu zen Santurtziko kaian. Umeak ziren gehienak, baina horiekin batera familiakoak eta ingurukoak agurtzera zetozen. Lehendabizikoek transatlantiko luze eta haundi bat zuten zain, Habana deiturikoa, hurrengo orduetan itsasoratzeko, Frantzia aldera joateko. Hainbat hilabete lehenago hasitako espedizioak, umeak gerratik kanpora eramateko helburua zutenak, azkartu eta indartu egin ziren 1937ko maiatzaren hasieran.

Horretarako, bi faktore izan ziren akuilu eraginkorrak. Bata, Europa aldean —Frantzian eta Britainia Handian, bereziki— sindikatu ezkertiarrek zein giza elkarteek azaldutako sustengua. Bestea, ezbairik gabe, frankistak egiten ari ziren erasoaldi zakarrek eragindako izua. Gernikako bonbardaketak argi eta garbi adierazi zuen haien suntsipen ahalmena ez zela mugatzen helburu militarretara; biztanleria osoa zela haien ankerkeriaren helburu zuzena.

Hori dela medio, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Laguntzako sailburu Juan Graciak bultzatuta, nazioarteko laguntzarekin, kolonien, aterpeen eta etxe familiarren bitartez, umeak aterpetzeko bultzaturiko ekimenak indartu egin ziren 1937ko maiatzaz geroztik. Egitasmo horren arrakasta bi aldetatik etorri zen. Frantziatik zein Britainia Handiatik areagotu egin ziren eskaintzak gerrako umeak jasotzeko. Bizkaitik bertatik, kanpora joateko umeen zerrenda ikaragarri emendatu zen. Izan ere, maiatzeko estraineko espedizio horretarako 10.000 eskabide baino gehiago suertatu ziren. Jakina, guztientzat lekurik ez zegoenez, nolabaiteko aukeraketa egin behar zuten. Alderdiek zuten ustezko indarraren arabera egin zuten bidaiarien hautaketa hori, eta kolonietara joanen bailiran, onuradunen zerrendak egunkarietan azaldu ziren. Horrela, maiatzaren 6ko 06:25ean, oraindik gau iluna zela itsasoratu ziren 2.436 ume. Gehienak—2.273— arestian aipatutako Habana-n; gainontzekoak —163— Goizeko Izarra itsasontzian. Batzuk eta besteak erizainez, medikuz eta maisu-maistraz lagunduta atera ziren, Bordele aldera.

Lagun ere izan zituzten hainbat barku: euskal armadakoak, Bizkaya eta Gipuzkoa; Ciscar, armada errepublikanoarena. Nazioarteko uretara iritsita, armada britaniarrekoek hartu zieten lekukoa. Hori dela eta, Royal Oak ontzi suntsitzaile aitzindaria eta Faulknor zein Firedrake aldeetan zituztelarik, Habana-k eta Goizeko Izarra-k aurrera egin ahal zuten, Cervera itsasontzi frankistari izkin eginez. Saiatu zen azken hori konboia geldierazten, baina Royal Oak-eko kapitainak, “giza laguntza espedizioa” zela argudiatuz, bere indarrak erabili izan barik makurrarazi zuen barku frankista ahaltsua.

Hortik aurrera, Royal Navy-k emandako babes esanguratsu horrekin, zeharkaldia burutu zuten inolako arazorik gabe. Goizeko Izarra-ko haurrak Pauillacen lehorreratu ziren, eta Habana-koak, La Pallicera joan ziren maiatzaren 7ko goizean. Harrera egitearekin batera, txertoak eman eta ilea moztu zieten, baita gosari ederrak eman ere. Geroxeago, Frantzian zehar, Olerongo irlara, Akizera, Perpinya aldera, baita Ipar Euskal Herrira ere, barreiatu zituzten heldu berriak. Espedizio horren atzetik, beste asko etorri ziren, 60 inguru; bereziki, 1937ko maiatza eta ekaina bitartean. Udako koloniak ziruditenak, urte batzuetakoak bilakatuko ziren askorentzat. Gutxiengo batentzat, berriz, SESBera joan zirenentzat, ia-ia bizitza osorako. Hori izan zen frankisten ankerkeriatik alde egitearen truke ordaindutakoa eta seinalea. Nortzuei bestela deitzen zaie gerrako umeak?