“Asiako liztorrek erleak harrapatzen dituzte larbei jaten emateko”

Kortezubin Vespa velutina edo Asiako liztorra deritzona aurkitu ostean —liztor hiltzaile gisa ere ezaguna—, alarmak piztu dira berriz ere. Xabier Larrinaga (Kortezubi, 1959) erlezaina da, eta Bizkaiko Erlezainen Elkarteko kidea. Liztor horri beldurrik ez diola dio, eta trikimailu batzuk azaldu ditu hura harrapatzeko.

Asiako liztor bat aurkitu dute Bizkaian. Bakarra, oraingoz, ezta?

Bai, Kortezubin aurkitu dute. Eguraldi ona egin zuen egunetan agertu zen. Geroztik, eguraldi oso txarra egin du, eta horrela ez dira ateratzen.

Beldur zarete?

Beldurrik ez dago. Kontuz ibili behar dugu. Aztertu egin beharko dugu egoera. Izan ere, sartu egin da Bizkaian, baina ez dakigu zer- nolako bilakaera izango duen.

Frantzian ere arazo bera daukate, eta haiekin harremanetan gaude. Hango esperientziaren berri ematen digute. Esaten dute eremu batzuetan gogor samar jotzen ari direla. Pinudien inguruetan, ordea, Landetako departamenduan, ez du jotzen. Gauza asko daude liztorraren alde; baita kontra ere. Esaterako, hau, Urdaibai, leku ona izango da intsektu horrek aurrera egin dezan. Izan ere, berton oso antzekoa den beste bat daukagu: Vespa crabro. Espezie horretako asko daude hemen.

Asiako liztorrari dagokionez, aztertu egin beharko da inguruan zein txori intsektujale dauden, haren harrapariak zeintzuk diren, Vespa crabro-rekin zer-nolako harremana daukan… Izan ere, batak habia bat jartzen badu leku batean, besteak ez du jarriko handik hurbil.

Zelan iritsi da Bizkaira?

Ezin daiteke jakin. Lehenengo, erreginak iristen dira. Beraz, orain aurkitzen diren guztiak erreginak dira. Horietako batzuk ernalduta iristen dira, eta beste batzuk, ez. Harrapatzen ditugunean, ez dakigu ernalduta egon diren ala ez. Orain harrapatzen ditugunek balioa daukate: ernalduta baldin badaude, habia bat gutxiago egongo dela esan nahi du.

Tranpak ere jartzen dituzue.

Bai. Zenbat eta tranpa gehiago jarri, eta zenbat eta leku bereziagoetan, hobe. Bide horretatik egiten zaio aurre liztor horri.

Zer-nolako tranpak dira, eta non jartzen dituzue?

Erletokietan jartzen ditugu. Helburua da liztorrak tranpetan jaustea erleengana doazenean. Nahaste bat egiten dugu tranpak osatzeko: garagardo beltza, baso bete ardo zuri eta koilaratxo bete ahabia zuku. Gozoa eta garratza den likido bat lortzen dugu horrela; izan ere, gozoa soilik balitz, erleak ere joango lirateke, eta hori ez zaigu komeni. Kontua izan behar da ahabia zuku gehiegi ez botatzeko; gainerakoan, erleak ere hara joango dira.

Likido hori edanda, zer gertatzen zaie?

Ito egiten dira. Plastikozko botila bat samatik moztu, tapoia kendu, eta samatik gorantz ebakitako zati hori behera begira jartzen da. Liztorrak, barrura sartu bai, baina irteera ezin du aurkitu, eta hor itotzen da.

Zer-nolako ezaugarriak ditu Asiako liztorrak?

Hiru zentimetro inguru ditu; Vespa crabro baino pixka bat txikiagoa da. Koloreak dira desberdinak. Vespa velutina-k beltzak ditu toraxa eta buru alde gehiena. Bertokoak marroia duena besteak beltza dauka.

Bizi-ohiturak antzekoak dira: erreginak arrautzak jarri, eta arrautzetatik larba bihurtzen direnean, larbei haragia ematen diete jateko. Horregatik hiltzen dituzte erleak, eta beste intsektu batzuk eta okela bera ere hartzen dituzte. Larbetatik atera eta liztor bihurtzen direnean, karbohidratoak hartzen dituzte: nektarra loreetatik, edo freskagarriak taberna inguruetan.

Zein arrisku ekartzen dute?

Gizakiarentzat ez da horrenbestekoa. Zaila da pertsona bati ziztatzea. Haginka ez dute egiten. Defendatzeko, eztena erabiltzen dute. Dena den, erle batek ziztatzea baino hobe da Vespa crabro batek ziztatzea. Minberagoa izan arren, albo ondorio gutxiago dauzka. Vespa crabro-k ziztatuz gero, onena izotza jartzea da. Ez dut izan Vespa velutina-ren ziztaden berririk, baina pentsatzen dut berdin izango dela.

Dena den, ez zaie beldurrik izan behar. Intsektu horiek eraso egiteko, zerbait berezia gertatu behar du; burua sartu behar duzu liztortokian. Oso mantsoak dira.

Eta erleentzat arriskutsuak dira?

Erleentzat, bai. Izan ere, ernalduta dauden erreginak kanpora ateratzen hasiko dira, kumealdiak ateratzen hasiko dira, eta, irailetik aurrera, indarra hartzen hasiko dira. Liztor mandoak eta erreginak aterako dira, datorren urterako prest uzteko euren sekuentzia genetikoa. Garai horretan, haragi asko behar dute: erletokietara joaten dira, eta handik igarotzen diren erleak harrapatzen dituzte larbei jaten emateko.

Vespa crabro-k beste hainbeste egiten du. Hala ere, velutina-k jartzen duen liztor kopurua askoz handiagoa da; beraz, elikatu beharreko larba kopurua ere askoz handiagoa da.

Zer egingo da gurean ez gelditzeko?

Iritsi berritan aurkitu dugunez espezie hori, protokolo bat ezarri du Bizkaiko Foru Aldundiak. Bi motatako lanak ezarri dituzte: liztorrak etxeetan, zubietan eta antzekoetan sartzen direnean, suhiltzaileak joango dira. Crabro espeziekoak badira, hartu eta beste leku batera eramango dituzte, bertoko espezie hori zaindu egin behar delako. Velutina baldin bada, hil egingo dute.

Zuhaitzetan agertzen badira, haiengana iristeko aukerarik baldin badago, mekanikoki kenduko dira. Ezinezkoa bada, lau eskopetarekin lau tiro botako zaizkio, denak batera, jarraian desagerrarazteko. Frantzian erabili dute hori, eta oso ondo dabil.

Enba sindikatuak prozedura hori salatu du.

Liztorrak pinu edo arboletan daudenean eta mekanikoki haiengana iristea ezinezkoa denean soilik erabiliko da. Gainerakoan, zelan kenduko dira? Esan dezatela. Bestalde, kasu horren inguruan egindako bilerara ez ziren agertu. Ezin da kasua aztertzen duen mahaira ez etorri, proposamen onik ez egin, eta gero atzetik egurra eman.

Zer egin behar du Vespa velutina bat aurkitzen duenak?

Bizkaiko Foru Aldundiko Base Gorriari edo suhiltzaileei deitu behar zaie. Eraikinen batean bada, suhiltzaileek ekingo dute. Basoan bada, Base Gorriak jardungo du.Koordinatuta daude.

Zelan dago zuen sektorea Bizkaian?

Krisiak guztioi kalte egiten digu. Labelaren barruan gaudenok, gutxi gorabehera, antzean jarraitzen dugu saltzen. Eztia, batez ere, eguraldi txarra dagoenean saltzen da.

Eta zeintzuk dira eztiaren onurak?

Ezti motaren arabera, onura batzuk edo beste batzuk. Eztia karbohidratoa da ia erabat. Sakarosa gutxi duenez —gainerakoan, fruktosa eta glukosa da—, gorputzak azkar asimilatzen du. Oso azkar kontsumitzen da, eta balio energetiko handia dauka. Gaixotasunen aurka duen erabilerarengatik baino gehiago, balio energetikoagatik emango nioke nik balio handiagoa. Antibiotiko naturala badauka, baina oso gutxi.

Bestalde, zauriak ixteko ere oso ona da. Badakit ospitaleren batean erabiltzen dutela. Desinfektatzaile gisa ere baliagarria da: azukre asko daukanez, hor ezin daiteke bakteriorik sortu.

Badago sekreturik erleak pozik edukitzeko?

Inoiz ez ditut ezagutu erleak pozik; horixe da arazoa [barreak]. Etxeko ganadua bezalakoak dira. Sektorea eta erleak maitatu egin behar dituzu. Esango nuke erlezain gehienok nahiko ekologistak garela. Kontuan hartu behar da hortik bizi garela.