Igeriketa sinkronizatuko kirolari onenak, Galdakaon

Igeriketa sinkronizatuaren erakustaldi eta lehiaketa hartuko du gaur hasi eta domekara bitartean Galdakaoko Urreta kiroldegiak. Bertan egingo dute Igeriketa Sinkronizatuaren Espainiako Junior Asisa lehiaketa. 8 eta 15 urte arteko 124 igerilarik hartuko dute parte bertan.

Zortzi federazio

21 klubetako igerilariek hartuko dute parte lehiaketan; horiek guztiek zortzi federazio ordezkatzen dituzte. Galdakaon lehenengoz egingo dute era horretako kirol lehiaketa bat.

Bariku arratsaldean hasi, zapatuan goiz eta arratsaldez aritu, eta domeka goizean bukatuko dute txapelketa. Bariku arratsaldean, binakako eta bakarkako kanporaketak izango dira. Zapatu goizean, taldeen eta irudien kanporaketak egingo dituzte. Arratsaldean, binakako eta konbinatuko finalez gain, prestakuntza saio bat egingo dute. Domeka goizean, bakarkako eta taldeko finalak.

“Kirolariak eta haiekin batera datozenak zenbatuta, berrehun lagun baino gehiago batuko direla espero dugu”, adierazi du Ibon Urbe alkateak. Horri esker, igeriketa lehiaketa antolatzeko inbertitu den diruaren zati bat herrian geratuko dela iritzi dio.