Arrantzan ikasteko aukera zabaldu du Bilboko Arrantza Eskolak

Bilboko Arrantza Eskola arrantzan zelan egin irakasten hasi zaie 5 eta 16 urte arteko gazteei. Domeketan ematen dute aukerari hori, 11:30etik 13:30era bitartean. Maiatzaren 25era arteko domeka guztietan —apirilaren 8an izan ezik— egongo da zabalik eskola.

Parte hartu gura dutenek ez dute ezer eraman behar, Bizkaiko Arrantza Federazioak eramango baititu beharrezkoak diren elementu guztiak: kainaberak, txirrikak, kirol materiala, karnata… Hogei begirale inguru izango dira bertan arrantzan irakasteko eta gazteei laguntzeko.

Arrainak harrapatu eta askatu

Flotagailuaren modalitatearekin arrantzatzen dutela jakinarazi dute antolatzaileek. Horrez gain, harrapatutako arrainak berehala uretara itzuliko dituztela azaldu dute.

Bederatzi urte daramatza zabalik eskolak. Azaldu dutenez, urtero, 1.500 gazte inguruk hartzen dute parte jarduera horretan. Parte hartzeko ez da ezer ordaindu behar, doakoa da. Eskola Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak antolatzen du, eta Bizkaiko Arrantza eta Casting Federazioak kudeatu, Bilboko Udalaren eta aldundiaren laguntzarekin.