Otxarkoaga eta Bilboko etxebizitza politika

Harridura sortzen du, zinez, Bilboko historiari buruz orain arte esan digutenak —frankismo garaikoak, hain zuzen—, behin sakon ikertu eta gero konturatzen baitzara historia horrek ez duela zerikusi handirik errealitatearekin. Bestalde, datuak eta informazioa izatea, hau da, erudizioa, ondo datorkigu historialarioi, baina niretzat garrantzitsuagoa da honakoa: zenbat eta kontraesan edo paradoxa gehiago mahai gaineratu eta aztertu, orduan eta ulergarriagoa egingo zaio jendeari errealitate korapilatsu hori.

1959. urtean Bilbo industrialaren eraginez etorkizun hobe baten bila guregana milaka bizilagun etorri izanak arazo larriak sortu zituen, batez ere etxebizitzarik ez zegoelako, etorkin horientzat behintzat. Azkenean, ondorioak agintariek uste baino larriagoak bilakatu ziren: 40.000 bizilagunek ikusi zituzten beren buruak txaboletan biziaraztera beharturik, eta beste 125.000k, berriz, alokaturik bizitzera. Urte horretan Bilbok 280.000 biztanle zituela kontuan izanik, kopuru hauek benetako egoera nolakoa zen adierazten digute.

Kinka larri hartan, bai Monte Banderasen, bai Monte Cabrasen, bai Irustan, eta abarretan, milaka bizilagunek bizi behar izan zuten eurek porlanez eta adreiluz eraikitako txaboletan, baldintza negargarrietan… Bestalde, Bilboko zein Madrilgo agintariek premiazkoa zuten garai hartan poligono baten proiektua abian jartzea. Denbora aurrera joan ahala, txaboletan zein alokaturik bizi zirenen egoera gero eta okerragoa zen, eta agintariek ezin zituzten datu haiek alde batera utzi, baina ez zeukaten ez dirurik ez tresna teknikorik buruhauste larri hura konpontzeko.

Etxebizitza Ministeriora jo behar izan zuten Bilboko agintariek, udalak ez zeukalako aukerarik proiektuak aurrera egin zezan. Horrexegatik Bizkaiko Larrialdi Sozialerako Plangintza delakoa dekretatu zen, eta horren barruan Otxarkoagako poligonoaren proiektua zegoen.

Dena den, Elizak, politikariek eta enpresariek bultzaturik, txabola guztiak desagerrarazi nahi izan zituen Francok. Hori ez zen gertatu haren borondate onaren edo paternalismoaren ondorioz, orain arte esan diguten bezala, baizik eta bere burua hartara beharturik ikusi zuelako, frankismoa sostengatzen zuten oinarrien presiopean. Horretarako, poliziak eta armadak bizilekuak hustu zituzten eta kamioi eta gurdietan jendea poligonora eraman zuten, bortxaz beren ordura arteko etxeetatik aterata, euren borondatearen kontra, auzotegi eraiki berrira.

Urte eskas batean ezerezetik Otxarkoaga auzoa sortu zen, 1961ean. Nekazari mundu horretan sekulako zirrara izan zela azpimarratu beharko genuke, laborantza mundu izatetik hiri izatera bat-batean pasatzean.

Baina zer zegoen horren azpian? Funtsean kontraesan bat: garai hartan, Bilbo berri bat saldu nahi zuten agintari frankistek, Bilbo modernoa. Baina aldi berean garapen ekonomikorako plangintza egiteke zegoen oraindik, eta 30 errebal zeuden Bilbo hartan. Bateraezintzat jo zituzten agintariek bi ereduok.

Proiektu horren atzean Bizkaiko arkitektoen elkargotik hamabi arkitekto gazte zeuden, eta helduago bat: Juan Madariaga, hain zuzen ere. Egia esan, arkitektoek ez zuten aukera handirik eduki. Etxebizitza Ministerioko arduradunek, non eta nola aurretik erabakita, lehenbailehen 4.000 etxebizitza eraiki nahi zituzten, 20.000 bizi lagunentzat; hor auzo etxea, bi eliza, hiru merkataritza-gune eta hiru eskola ezarriz, ziotenez, poligonoari autonomia emateko.

Etxebizitzak aztertzean, adierazgarria da kanpoko aldean eraikuntza irekiak proposatu izana, gune eguzkitsuetan, gune berdez inguratuak, eta adreiluz eginak, erarik merkeena zelako. Ministeriokoek leku egokitzat jo zuten mendien artean kokatzea, ondoan Etxebarri, Galdakao, Basauriko haranak eta lantegiak zeudelako. Ezin hobeto zetorkien langileei euren etxeetatik lantegiak hain hurbil edukitzea.

Era berean, etxebizitzen barneko antolamendua Diru-Laguntzaz babesturiko Etxebizitzen legepean zegoen. Lege berri honekin ekimen pribatuarentzat eskaintza erakargarria lortu zen, material ahalik eta merkeenak erabiliz eta ahalik eta lasterren eraikitzea hobetsiz, kostu ahalik eta merkeena lortzeko.

Beste ezaugarri bat eraikuntza mendien gainean egitea zen, hirigintza planik gabe: auzoa aldapaz beterik gelditu zen, gabezia askorekin eta kalitate eskaseko materialekin. Geroago hezetasunak etorri ziren, eta arazo gehiago eta larriagoak ere. Hainbat etxe-orratz eraiki eta gero, bestalde, biztanle dentsitate ikaragarria ere sortu zen.

Hirigintza eta arkitekturaren ikuspuntutik eredu berriaz ari gara, hiriaren kanpoko aldeko poligono baten bitartez Bilboko zabalgune ereduarekin apurtu zuena. Era berean, arkitekturako laborategi gisa har dezakegu, material eta aurrefabrikatzeko sistema berriak erabili zirelako. Otxarkoagakoa Bizkaiko lehen poligonoa izan zen, eta hura eredu hartuta, geroago beste leku askotan egin ziren: Txurdinagan, Begoñan, Bilbo Handian, Basaurin, Sestaon, Portugaleten, eta Muskizen, besteak beste. Horregatik nabarmentzekoa da Otxarkoagaren garrantzia.

Paternalismoa baino askoz gehiago ere bazegoen politika horren atzean, eta 50eko hamarkadan falangisten mendean egindako etxebizitza politikaren porrota adierazten zuen. Hutsak gainditzeko ekimen pribatua erakartzeko bideak sortzea erabaki zuten orduan agintari frankistek, hau da, etxebizitzak negoziotzat hartzea. Bankuak erakartzeko, etxebizitza-jabetasuna eredu bihurtu zen, bai eroslearentzat bai erabiltzailearentzat ere. Hortik aurrera, ekimen pribatuak erabakiko zuen Bilboko hedapenak nondik nora jo behar zuen eta hiria non, noiz eta zelan eraiki. Otxarkoagakoa hasiera baino ez zen izan.