Enkarterriko arkitektura hobeto ezagutzeko bisita gidatua

Arkitektura gustuko duen orok huts egin ezinezko hitzordua dauka bihar Enkarterrian. Izan ere, Bizkaia eta bere etxe merkeak. Enkarterriko arkitektura izeneko erakusketari bisita egiteko azken eguna izango baitu.

Erakusketak bukaerako eguna duela aitzakiatzat hartuta, eskualdeko hainbat txokotako arkitektura ezagutzeko bisita gidatua antolatu dute Enkarterriko museoak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek. Herri batetik besterako bidaia erosoagoa izan dadin autobusak jarri dituzte, gainera.

Gerturatutakoek ikusiko duten aurreneko tokia Sopuertan dagoen Enkarterriko museoa da. Ondoren, Zallara joango dira. Bertan, Kadagua etxe saila bisitatuko dute, bertako etxebizitza baten barrualdea ere ezagutuz. Hirugarrenik, eta Sopuertara itzuli aurretik, Gueñesetik pasatuko dira, eta bertako etxe merkeak izeneko etxebizitza sailean geratuko dira.

Bisita gidatuan parte hartu nahi duena 11:00etan Sopuertako Avellaneda auzoan egon beharko da. Goiz joatea komeni da, kopurua mugatua baita. Itzulerako bidaia, berriz, 14:00 aldera egingo dute. Bisitaldia egiteko, gutxienez hamabost pertsona bildu beharko dira, eta doakoa izango da.