Eguneroko elementuak, artea sortzeko iturri

Eguneroko tresnek erakartzen dute Iñigo Arregi artista arrasatearra. Horregatik, sarri askotan, ateak, leihoak, giltzak eta halako elementu arruntak dira haren eskulturen eta erliebeen protagonistak. Arregik sortutako lanak Durangoko Museoan daude ikusgai hilaren 25era arte.

Adituen ustez, arrasatearraren lana “indarrez betea” eta “hausnartua” da. Askok ikusten dute XX. mende hasierako euskal eskultoreen oinordeko gisa. Arregiren eskulturek Jorge Oteizaren lanekin lotura nabarmena dutela adierazi dute behin baino gehiagotan. “Bien ardura izan dira hutsa, bolumenek sortzen dituzten efektuak, betetasuna eta zuloak”, adierazi du Arantza Otadui arte adituak. Oteiza miresten duenez, gaur egungo artisten eta Oteizaren eskulturen arteko zubi lana egiten du.

Hausnartzeko bidea

Arregiren arteak ikuslea xurgatu eta pentsatzera bideratzen duelakoan dago Otadui: “Iñigoren lanak aurrean dagoenaren garuna lanean jartzen du, zirrara sortzen du”. Sorkuntzari esker, artelanei begira dagoen pertsonaren espiritua elikatzeko balio du. Hori dela eta, objektu zena benetako arte adierazpen bihurtzen dela dio Otaduik.