Kexatu

Kexatzeko motiboak edonon topatuko dituzun bezala, edonon agertuko zaizu gehiegi kexatzen zarela aurpegiratuko dizun norbait. Beren garaian soldadutza eginikoak gehienak, edo gerraostea bizitakoak bestela. Edozelan ere, jende trebea da euren sufrimenduaren laginak nonahi bilatzen, aurkitzen eta zazpi haizeetara erakusten. Txarrenera, eta sufritu izanaren aitzakiarik aurkitu ez badute, zaharragoak direla esango dizute, eta, beraz, kexatzeko motibo gehiago dutela, baina ez direla sekula kexatzen. Ez kexatzeak kexatzeko arrazoirik ez dagoela esan nahiko balu bezala. Erosoegi bizi zarela esango dizute. Ez duzue soldadutzarik egin, bistan da. Ez duzue gerraosterik bizi izan, ez duzue goserik pasatu, baina kexatzen bai, horretan bai zaretela onak, esango dute. Horretan bai onak zuek. Beti amaitzen dute esaldia “zuek” batekin, ezinbestekoa baita lubakien arteko mugak non dauden zehaztea.

Aurrekoan, tipo bat trenean erretzen. Beste bidaiari guztiak elkarri begira, ezin asmatuta nor ausartuko zen katuari dindirriak jartzera. Egoera deserosoa zen, zigarroaren keagatik baino, gainerako bidaiarien arteko begirada-trukeagatik: niri ez begiratu, ni lasai irakurtzen noa; zeuk esan beharko zenioke, hurbilago zaude eta; edo zuk, ume txiki bat daramazu-eta altzoan. Norbaitek ozen egin zuen eztul, hori izan zen gutako guztion ausardiarik handiena, eta halaxe amaitu zen kontua: bakoitza bere geltokian jaitsi zen, eta agur arazoari. Hurrengo egunean, ni baino zaharragoa den bati kontatu nion gertatutakoa: lehen edonon erretzen zen, zer du horrek txarrik, eta zuek bai zortea, holako zerbaitegatik kexatu behar bazarete. Kontua da inor ez zela kexatu, ez gogo faltagatik, baizik eta beldurragatik. Bakarrik geratzearen beldurragatik. Zertan bizitza ozpindu, zertan hasi borrokan, inork ez badio zuk altxatutako banderari jarraituko. Hobe isilik eta taldean. Behintzat, taldean.

Esaten didate ondo bizi garela: konparatu bestela gure bizi-maila munduko beste edozein tokitan dagoenarekin, esaten didate. Aprobetxatu egunkariak eskaintzen dizun orrialde hori probetxuzko gauzak esateko, aurpegiratzen didate. Erlatibizatu gauzak: herrian obra txatxu batzuk egiten ari direlako bi kilometroko itzulingurua egin behar baduzu trenera joateko, pentsatu trenik ere ez duten horiekin, esaten didate. Eta ez saiatu mundua konpontzen, ez haizatu berba ozenik, ez hautsik harrotu, ez dinamitatu herria, ez suntsitu elkarbizitza, utzi bazterrak lasai, ez sartu horretan, ez endredatu, zer galdu zaizu sasitza horretan, eurek jakingo dute, zerbaitegatik izango da, dena ez da kexatzea.

Ez dit inork sinetsiko, baina ingurua hobetzearren kexatzen naiz, ez nire ahotsa entzutea gustatzen zaidalako. Xabier Letek zioen moduan, “denak lasai eta bakean biziko bagina, saiatu gabe, lehiatu gabe, adimena estutu gabe, eskuak eta kontzientzia zikindu gabe…, munduak ez luke funtzionatuko”.