Udaberria euskaraz pasatzeko aukera Galdamesen

Galdamesen Udaberria Euskaraz programan parte hartu gura dutenek gaur dute izena emateko azken eguna. Lehenik eta behin, 3 eta 11 urte arteko galdamestarrei eman nahi die bertako udalak euskarazko kultura eta aisialdi jarduera horretan parte hartzeko aukera. Epea bukatuta lekua geldituz gero, datorren astelehena eta asteazkena bitartean izango dute zerrendan sartzeko aukera Galdamesen erroldatuta ez daudenek.

Udaberria euskaraz

Datorren martxoaren 3an hasiko dute Udaberria Euskaraz programa. Horren barruan, ekainera bitartean egiteko hainbat jarduera prestatu ditu udalak, Aisilan kultur elkartearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren euskara zerbitzuaren laguntzagaz.

2006. eta 2009. urteen artean jaiotakoentzat, esaterako, ludoteka zabalduko dute. 2001 eta 2005 artean jaiotakoentzat hainbat tailer antolatuko dituzte. 7 eta 11 urte artekoentzat, gainera, euskarazko tailerrak prestatu dituzte zapatuetarako, 17:30etik 19:30era.

Martxoaren 10ean Klik klak antzezlana ikusteko aukera izango dute Udaberria Euskaraz programan dabiltzanek. Apirilaren 12an, bestalde, Peruharrira egingo dute txangoa. Apirilaren 21ean, Apaizac hobeto hitzaldia izango dute. Maiatzaren 12an, Bilboko lasergunera bisita egingo dute, eta maiatzaren 19an, azkenik, Erreka Eguna ospatuko dute.

Antolatutako jarduera guztietan aisialdiko begirale euskaldunak egongo direla jakinarazi du udalak. Horrez gain, tailerren barruan hainbat joko prestatu dituztela eta ipuin kontalariak ere izango direla azaldu dute. Helburua herriko txikiek aisialdiaz gozatzea eta euskara erabiltzea dela esan dute. Hain zuzen, udalak zehaztu du Galdames kulturara eta, batik bat, euskarara erakartzeko asmoarekin jarri dutela programa abian.

Udaberria Euskaraz programan parte hartu nahi dutenek Galdamesko Udaleko kultura aretoarekin jarri behar dute harremanetan, 94-610 49 30 telefono zenbakira deituta.