Mozorro festak ez dira bukatu

Inauterietako martitzenak mozorro festaren bukaera ezarri ohi badu ere, Bizkaiko hainbat herritan aratusteetako ospakizunei eutsiko diete asteburuan. Mozorroak kendu gura ez dituzten herri horietako batzuk Sondika, Getxo, Bilbo, Santurtzi eta Berango dira.

Santutxun, Bilbon, asteburu osorako egitaraua prestatu du Asapala kultur elkarteak. Gaur, 17:35ean, Txoro eta Mokoko pailazoen ikuskizuna izango da Karmelo plazan. 19:35ean, albokariak eta soinulariak kalez kale ibiliko dira giroa alaitzen. Bihar arratsaldean ere izango da umeentzako tartea. 17:35ean, umeentzako jolasak antolatuko dituzte Karmelo kalean. 19:35ean, Dantzadi dantza taldea ibiliko da kalez kale.

Domekan, 12:05erako mozorro desfilea antolatuko dute Karmelo kalean barrena. Arratsaldean, 18:05ean, “desfile mundiala” egingo dute Karmelo plazan.

Sondikan, bestalde, inauterien ospakizunak gaur bertan hasiko dira, 16:00etan, txupinazoarekin. Ordu erdi geroago, Sondikako eskolan umeentzako jolasak egingo dituzte. Handik, kalejiran abiatuko dira herrira, eta, 18:00etan, pailazoen ikuskizuna izango da. 19:00etan, Sondikako Jai Batzordeko kide izan direnak omenduko dituzte.

Bestalde, Altzora euskara elkartearen eskutik, Kantu poteoa, taberna ibiltaria saioa izango da 20:00etan. Zirkua gai nagusitzat duen gaua hasiko da 22:00etatik aurrera, eta lau musika talderen kontzertuak izango dira: Gatazka, Valen, Hesian eta Ze Esatek. Ondoren, 03:00etan, DJ saioei ekingo diete.

Bihar goizean, umeentzako parkea izango da 11:30ean. 12:00etan, txosnetan, xigorkien aurkezpena egingo dute, txistulariak kalejiran dabiltzan bitartean. 16:00etan, erretiratuentzako kafea egongo da nagusien etxean. 18:00etan, erromeria izango da haientzat.

Umeek euren mozorroak erakusteko aukera izango dute 18:30erako antolatutako desfilean. 19:30ean, sariak banatzeko tartea izango da: umeen mozorro, xigorki eta erakusleiho onenaren sariak banatuko dituzte, hain zuzen.

Ordu horretan bertan, txokolate jana izango da. 20:30ean, Deabru Beltzak taldeak eta fanfarre batek lagunduta, kalejira egingo dute. 21:30ean, sardinaren hileta egiteko ordua iritsiko da.

22:30ean, Mild taldearen kontzertua hasiko da, eta, 00:30ean, Akerbeltz taldeak erromeri doinuak jarriko ditu. 02:00etan nagusien mozorroen sari banaketa egin ostean, berriz ere jarraituko du erromeriak. 04:30ean DJen disko festak hartuko dio lekukoa Akerbeltzi.

Algortan, Getxon, aurten saninazioetako jai batzordeak antolatu ditu inauteriak, Getxoko Udalaren laguntzarekin. Biharkoa kuadrillen mozorro eguna izango dute, eta egun osoan mozorro txapelketa egingo dute herrian zehar.

13:00ean, mozorro txapelketako lehenengo puntuazio saioa egingo dute, Telletxen. 14:30ean, herri bazkaria izango da Telletxen edo Zabalan, eguraldiaren arabera. 16:00etan, Duo Deno bikoteak euskal kantuz girotuko du Telletxe. 19:00etan, mozorro txapelketako bigarren puntuazio saioa egingo dute bertan. Eta, 19:30ean, mozorro poteoa egingo dute Telletxetik abiatuta Portu Zaharrera.

Sari banaketa

Garraxi taldeak erromeria egingo du 20:00etan Telletxen. 21:00etan, Hamaiketan, Governors eta Vendetta taldeen kontzertuak izango dira Portu Zaharrean, eta 23:00etan, berriz ere Garraxi ariko da Telletxen. Ondoren, mozorro lehiaketako sari banaketa egingo dute.

Santurtzin, Kabiezesko auzotarren elkarteak inauterietako desfilea antolatu du gaurko, 18:30ean. Bihar ospatuko dute herrian inauterietako VIII. Desfile Nagusia, eta Gernika plazan sari banaketa egingo dute 21:00etan. 20:00etatik 23:00etara, musika egongo da han.

Berangon, bestalde, inauterietako ospakizunak iratxo eta ipuinen munduan oinarrituta egongo dira. Bihar, 18:00etan, kalejira abiatuko da Berangoeta kultur etxetik frontoira arte. D’Traka taldeak umeentzako giroa sortuko du adin guztietakoentzako diskoteka hasi aurretik.

Domekan, bestalde, Simon Otxandategi taldeko dantzariek Zuberoako maskarada egingo dute, zanpantzarrekin batera. 11:15ean abiatuko dira, Lantzartetik, eta Sabino Aranaraino joango dira. Han, txikiek hartuko dute txanda, eta pilotalekuan dantza erakustaldia egingo dute.