Asmakizuna

Inauterietako mozorroa eranztean ohartu zara zimur berri bat agertu zaizula bekokian. Noiz gertatu da, ordea? Zirrikituetan sartuta geratu den pinturari bota diozu errua, lehen ere marratxoa, bai, hantxe zegoelako baina orain, barruan itsatsita geratu den makillaje-hondakinaren eraginez, marratxoa arrakala bihurtu delako. Usteak ustel, ordea, masa itsatsia xaboi eta urez garbitu ondoren ere, lorratzak bertan jarraitzen duelako, joanaren adierazgarri edota ezinen lekuko, zeure esku uzten dut aukera.

Klak! itzali duzu ispiluko argia, eta aurrea hartuta berriro klak!, piztu duenaren atzean geratu zara, beraz. Atzean, bai, eta ez da metafora: zeure eskuan kabitzen zen neskatoak buru bete kentzen dizu, jada, eta bere oinetakoen neurria zure oinena baino lau zenbaki handiagoa da.

Hasperen batez laneko mahaira hurbildu zara, bada, eta iazko martxoan erosi zenuen lorontziari buelta erdi eman diozu argirantz, jabetu zarenean, pasa den astean bertan erne ziren hiru pinportak, dagoeneko, hiru adar luze direla eta, ondorioz, gutxien uste duzunean, sabaia ukitzear egongo direla. Nonbaiten irakurritako hura gogoratu duzu, orduan: urtebetez landare bat bizirik iraunarazteko gai zarenean, zeure buruaren jabe zarela esan dezakegu.

Burutazioak eragindako barregura aldean dela zabaldu duzu egunkaria eta irakurri duzu lan-erreforma berriarekin langileentzat azken mende erdian lortutako eskubideak erabat zapuztuko direla. Alboan, kontrapuntua: halakoxe aldaketa bat behar zen, enpresak egungo geldiunetik atera eta beste era batera dinamizatzen hasteko. Irratitik iritsi zaizu eguerdi-eguerdiko albistea ere: hilabete barru, udaberria.

Autore klasiko bat zelan gerturatu gaurko nerabeengana, hara hor esku artean darabilzun benetako lana. Duela mende laurdeneko datuak eta gaurkoak alderatuz has zaitezke, zergatik ez? Zuk zapalduriko kaleak zer ziren duela berrehun eta hogeita hamar urte? Basatza. Eta, bonbillen lekuan, zer zegoen? Kriseiluak. (Zer da hori, galdetuko dizute, beraz, hobe, lehenbailehen antzeko zeozer topatzea). Etxeko nagusia? Bai, aita, baina horren ondoren? Bai, ama. Baina, gauza bati dagokionez? Beinke!: sua. Sua, etxea berotzeko. Sua, oinetakoak sikatzeko. Sua, lapikokoa egosteko. Sua, telebistaren ordez. Komunaren lekuan amaiera bako zuloa kortarantz. Emailen ordez, tintazko eskutitzak, pizzaren lekuan taloa, ilunpeetako farolen tokian, gaueko mamuak, iratxoak eta sorgin mota guztiak.

Eta, orduan, ez jakin zergatik, naturaren aldaketez mintzatzen hasteko erabili ohi duzun asmakizuna idatzi duzu, arkatzez, denetarik apuntatzen duzun blok txiki horian.

Zer dela eta zer dela inork ikusi ez arren, den-dena aldatzen duena?

Lozorroan utzi duzu erantzuna, esaten ez dena agian existitzeari ere utziko diolakoan.