Palestina, Euskal Herrian

2010eko uztaila eta iraila bitartean Biladi Hadi elkartasun brigadak Palestinara egindako bidaian ikusitakoak eta bizitakoak jaso ditu argazki erakusketa batean. Igorren izango da egunotan Biladi Hadi, hamaika begirada Palestinara Euskal Herritik erakusketa, astelehenetik hilaren 27ra bitartean, kultur etxeko aretoan.

Kulturgintzan eta beste eremu batzuetan lanean ari diren euskal herritarrek osatutako brigada da Biladi Hadi. Besteak beste, musikariek, pailazoek, kazetariek, bertsolariek, zinemagileek eta ikasleek osatzen dute.

Euskal Herritik elkartasuna adieraztera abiatu zen talde hori Palestinara, eta han ikusi eta ikasitakoan oinarrituta ekin diote Euskal Herrian herri palestinarraren aldeko elkartasun olatua sortzeari.

Liburua eta diskoa

Besteak beste, musika eta hitzak jarri zizkien elkartasun brigadak bidaia hartan ateratako irudiei, palestinarren sufrikarioaren isla diren argazkiei, brigadako kideek eurek azaldu duten bezala. Liburu bat eta disko bat argitaratu zituzten argazki horietan eta bizipenetan oinarrituta. Erakusketak bezala, Biladi Hadi, hamaika begirada Palestinara Euskal Herritik izena dute bai liburuak eta bai diskoak ere.

Era berean, liburu horretan jasotako hainbat argazki hartu eta erakusketa ibiltaria hasi zuen elkartasun brigadak. Palestinarrek egunero dituzten eskubide urratzeak ikus daitezke bertan, besteak beste. Oraingoz, Igorrekoa da erakusketa ibiltariak Bizkaian aurreikusita daukan leku bakarra.