Inauteriei harrera egiteko, txorizo jana basoan

Ohiturari jarraituz, Bizkaiko hainbat herritan basaratuste ospatuko dute, inauterietako domekaren aurreko domeka. Mendira edo landaren batera joan, eta txorizoak edo bestelako txerrikiak burruntzian jarri eta sutan erreta jateko aukera izango dute batean zein bestean parte hartzen dutenek.

Derion, adibidez, galduta zegoen ohitura berreskuratu du azken urteetan Tximintx euskara elkarteak. Aurten ere domekarako ordua jarri dute: 17:00etan, Santimamiko landetan. Elkarteak ikatza eta edaria eramango ditu, baina janaria norberak eraman beharko duela jakinarazi dute. Umeentzako jolasak ere antolatu dituzte. Han kanporamartxo esaten diote egun horri.

Durangon, bestalde, Alpinok antolatu du txitxi burruntzia —hala esaten diote Bizkaiko txoko horretan—. 09:00etan Andra Mari elizpetik atera eta mendi ibilbidea egin ostean, txorizoa jango dute. Janaria norberak eraman behar du.

Gernika-Lumon, Elai Alai dantza taldeak 17:00etan deitu ditu herritarrak Lumoko plazara. Han ere, ohiturari jarraituz, txorizo errea jango dute. Sasikoipetsu ere esaten diote inauterietako ospakizunei hasiera ematen dien egun horri.