Begira nago begira

Elurrak mara-mara zuritu ditu bazterrak, San Blas azukreak barruko bizkotxo anisduna lez. Bazterrik bazter ibili da jendea, aldran, Santa Ageda eskean, neguko zapatu hotza beste era batera pasatzeko aitzakian, zergatik ez? Mimosak loratzear dauden honetan, etxeetako armairu txokoak hankaz gora jarri dituzte herritarrek, mozorrorik merkeenaren bila “ea aurten ezer erosi barik konpontzen garen”. Eguna luzatuz doa, segundoka, polito, soseguz, larregi aztora ez gaitezen.

Wislawa Szymborska poeta poloniarra hil da laurogeita zortzi urterekin, trankil, bere etxean, lotan, zaintzailearen esanetan. “Etxe askotan, inork ez du poemarik idazten, baina kideren bat hasten bada, gutxitan izaten da bakarra”: Kirmen Uribek, Rikardo Arregik eta Magdalena Wegzryn-ek euskarara ekarritako bere berbak dakartzat gaur hona, neguaren gordinean bateren batek beretzako gonbita lez hartu, eta etxean lehenengoa izan dadin bi mila eta hamabiko otsailaren erdiguneko egun bat deskribatzen, bere erara, orri txuri baten gainean edo folio birziklatuan, bolalumaz nahiz arkatzez, edo, nahi izanez gero, puntarengo teknologia digital baten bidez.

Begira, esate baterako, testu hau idazten nagoen lekutik berrogeita hamar metro eskasera, bankua atrakatzen ei dabil gizon bat, eta ez da filma. Ertzainek inguratu dute kalea, eta ezin naiz ondoko dendara joan, ezta alboko ferreteriara ere, haririk gabeko telefonoarentzako entxufe berri bila.

Burutazio egoista samarra. Baliteke. Ez da denbora asko igaro, delako sukurtsalean egon nintzela, ordu berean, leku berean. Baina, oraingoan ez nago han, eta, beraz, atrakatzaileak ez nau harrapatu diru-jiran. Egia esan, ez nau ikusi ere egin, neurriz kanpoko akzioa burutzeko erabakia hartu duen une berean oraindik etxean nengoelako, tarifa murriztua aprobetxatuz, hiruzpalau dei egiteko prestatzen, ohartu naizenean, telefonoa ez zebilela eta, agian, entxufe-egokitzailea izan zitekeela nire ezinaren erruduna. Ordu erdi eskasera, ordea, noiz eta atrakatzailea, damututa eta plastikozko pistola bitartekariari emanda, entregatu denean, konpainiak bidalitako mezu teknifikatu baten bidez jabetu naiz entxufea barik, matxura bat zela telefonoa antzutu duena.

Harrezkeroko egun eta ordu bustien ondoren, denborak aurreko guztia ezabatu duenean, iparrak are gehiago izoztu du berez ere zorrotz, estu eta zut ageri zaigun aurtengo aukeren mapa, eta, halakoetan egin ohi dudan moduan, leihotik begira jarri naiz, eta, orduan, ohartu naiz munduak forma asko dituela, eta goitik biribil ikusten den arren, behetik labirinto itxura handiagoa daukala, eta, askotan, non zauden zu, halaxe bizi duzula zure inguruan gertatzen dena.

Hain justu, etxe batzuetako kideek, geure ezinekin adiskidetu guran edo, tarteka idatziz kontatzen duguna.