Performancea, Miarritzeko balletaren eskutik

Gaspar Claus biolontxelo jotzaile eta konpositoreak, Gael Domenger dantzari eta koreografoak, Aymeric Reumaux multimedia artistak eta Jean-Claude Asquie argiztapen sortzaileak bat egingo dute gaur eta bihar Fundicion aretoan. Un coup de des jamais n’abolira le hasard ikuskizuna taularatuko dute.

Miarritzeko Malandain balletak egin ohi dituen tailer koreografikoetako bat eramango dute Bilboko aretora. Bertatik jakinarazi dutenez, performancearen antzeko emanaldi bat izango da, bitxia. “Ezin daiteke azaldu, era horretakoak ikusi egin behar dira”, adierazi dute. “Elementu askok hartuko dute parte ikuskizunean”.

XIII. Dantzaldiaren barruan antolatutako ikuskizuna da gaur eta bihar 20:00etan hasita emango dutena. Egitarau zabala prestatu dute, dena den, hiriko hainbat gunetan otsail eta martxo bitartean.

Hamar ikuskizun

Domekan, esaterako, Euskalduna jauregian Algerien ballet nazionalak —Frantziako eta Aljeriako kideak ditu — Nya (Chants eta Le Bolero) emanaldia eskainiko du. Matxoaren 29ra bitartean hamar ikuskizun izango dira.