Eskualdea euskaraz saretzen

Gure helburua komunikabide euskalduna sortzea izan zen, euskara eta euskal mundua bultzatzeko, informazioa euskaraz emateko eta eskualdeko herrien arteko kohesioa zein elkar ezagutza lantzeko. Eta nik uste dut neurri handi batean bete egin dugula”. Xabier Goienetxe Txorierriko Aikor hilabetekariaren zuzendariak berba horiekin egin du euren ibilbidearen balantzea. Bukatu berri den urtarrilean bete dira hamar urte aldizkariak lehen zenbakia kaleratu zuenetik, eta gaur ospatuko dute urteurrena, Derioko Kultur Birikan, 20:00etan hasiko den ekitaldi batean.

Bizkaiko euskarazko herri komunikabideentzat sasoi oparoa izan zen 2001eko eta 2002ko udazken-negu-udaberri parte hura. Hilabete gutxi lehenago sortu zen Anboto Durangaldean, eta Arratian Begitu-ren lehen zenbakia prestatzen ari ziren. Hiru aldizkarien kasuan, ekimena euskara taldeen eskutik iritsi zen. Larrabetzu, Zamudio eta Lezamako elkarteek bultzatu zuten Aikor bera. Gaur egun, Sondika eta Derioko elkarteak ere atzean ditu, indarka. Eskualdeko lehen komunikabidea izan zen.

Bestelakoa zen egoera Durangaldean: “Aurretik Eraz izeneko aldizkaria zegoen, baina, egunkari formatua barik, aldizkari formatua zuen, eta erreportajeak lantzen zituen gehienbat. Gainera, ordainpekoa zen”, kontatu du Jone Guenetxeak, Anboto astekariaren zuzendariak. Azterketa bat egin eta aldaketak egitea erabaki zuten: hala hasi ziren.

Arratian, berriz, hutsune nabarmena zegoen euskarazko hedabideei dagokienez. “Orduan ez zegoen ezer; gaur egun, euskara hutsean geu eta Gorbeialde irratia baino ez gaude”, dio Iñigo Iruarrizaga Begitu-ko kudeatzaileak. Ganoraz euskara elkartearen ekimenez jarri zuten martxan aldizkaria. Kudeaketa lanak egiteko, Zertu kultur elkartea sortu zuten. 2002ko apirilean atera zuten argitara lehen zenbakia. Hasieran hilabetekaria bazen ere, 2008tik hamabostekaria da Begitu.

“Hurbileko albisteak hurbilean hartzen ditu jendeak, eta, gainera, bertako euskaran edo bizkaiera arratiartu batean. Nik uste dut Begitu-ren ekarpenik handiena hori dela: hurbileko albisteak, hurbileko euskaran ematen ditugula”, dio Iruarrizagak. Goienetxek ere antzeko gogoeta egin du: “Eragin handia izan du Aikor-ek. Kanpora begira, gureak ez dira itzelezko berriak izango, baina barrura begira eskualdeko euskaldunak informazioaren protagonista bihurtu ditugu”.

Uribe Kostako UK aldizkariko Irantzu Sagarminagak ere bat egin du baieztapen horrekin: “Irakurleek hurbileko informazio hori bilatzen dute, herrietan pil-pilean dauden eztabaidak”. Izan ere, haren esanetan, hedabide handietan Uribe Kostako herrietako informazioa galdu egiten da orri artean; eskualdeko aldizkariaren irakurleak, ordea, interes handiagoa du halako gaien inguruan.

UK-k ibilbide luzeagoa dauka, beste hirurekin alderatuz gero. Aikor, Begitu eta Anboto sortu zirenerako, hiru urte inguru zeraman Uribe Kostako aldizkariak irakurleen eskuetan. “Getxon bakarrik argitaratzen zen Bizarra lepoan aldizkaria sortu zen 1995ean. 1999an eskualde osora banatzea erabaki zen, eta izena aldatu zitzaion”, gogorarazi du Sagarminagak.

Eskualdeko hedabide izanik, lau aldizkariok ez dute edaten ohiko informazio iturrietatik. Hasieratik kolaboratzaile, laguntzaile eta harreman sare bat sortu behar izan dute. “Informazioa jotzeko, ate-joka ibili behar da sarritan, baina hori ere polita da”, dio Sagarminagak. Gainera, herrietako eragileek antolatzen duten edozein konturen berri emateko eurengana jotzen dutela diote. “Anboto-ren filosofian beti egon da elkarlana bultzatzea: Durangaldeko eragileen eta gure artean, kolaboratzaileen artean, elkarteen artean… Azken batean, guk eskualdeari gure lana eskaini diogun heinean, eskualdeak ere sare hori guztia eman digu guri”, azaldu du Guenetxeak.

Lau aldizkarion irakurleek gertutasun hori nabarmentzen dute, eta baita askotariko ahotsei lekua emateko egiten duten ahalegina ere. Lau arduradunek aitortu dute eskualdeko euskaldun guztien komunikabidea izateko helburua izanik ez dela beti erraza izaten oreka mantentzea, baina gustura daude irakurleek ezaugarri hori nabarmentzen dietela ikusita. “Halako oreka kontuetan batetik eta bestetik protestak datozenean, ondo zabiltzan seinale. Gu ahalik eta ondoen lan egiten saiatzen gara, eskualdeko espektro zabalena pozik utzi guran”, dio Iruarrizagak. Guenetxearen esanetan, “ildo editorialean ez lerrokatzea ezinbestekoa da”.

Hamar urtean une zail asko pasatu dituztela dio Anboto-ko zuzendariak: “Momentu hau berau ere, edozein etxetan bezala, ez da onena”. Sagarminagak harago jo du: hark dioenez, euskarazko hedabideen kinka larria ez da kontu berria. “Egungo krisiak gure panorama gehiago ilundu baino ez du egin. Diru sarrerek behera egin dute, publizitatea eta diru laguntzak jaitsi direlako. Eta Nafarroako hedabide txikiekin zer gertatzen ari den erreparatuta, beldurra ematen du. Gu geu atalean —editoriala— dena lanbrotuta ikusten dugula esanez bukatu genuen 2011, eta urtea txingor hotsagaz hasi zaigu”. Gainera, aitortu du aldizkariaren etorkizuna ez duela batere argi ikusten.

Dagokien lekua eskatzen

Goienetxe baikorragoa da; “nortasuna halakoa dudalako”. Zailtasunei erreparatu ordez, oztopoak gainditzeko gai direla azpimarratu nahi izan du: “Mila laguntzaile dauzkagu, jende mordoa gure proiektuaren alde, iragarle eta kolaboratzaile andana… Hori ikusita, zailtasunak ahaztu egiten zaizkit”. Indar metaketari egundoko garrantzia ematen dio. Baita beste hirurek ere. Lau aldizkariak Topagunea euskara elkarteen federazioko kide dira.

“Zeu bakarrik, eta txikia izanik, ozeano handi batean gal zaitezke. Baina txikiak batuz gero, arrain multzo handia osatzen dugu. Horrekin, agian ez diogu atzera eginaraziko marrazoari, baina posible da kozka egingo digun edo ez pentsatzea”, dio Sagarminagak. Azken batean, ohartarazi gura dute elkarturik ez direla hain txikiak. Alegia, euskarazko tokiko hedabideen irakurle kopurua, lantaldea eta argitaratzen dituzten aleak kontuan hartuta, hedabide handien pareko direla erakutsi gura dute. Iruarrizagak bota du datua: “Topaguneko hedabideak gara, elkarrekin, Euskal Herrian euskaldunen etxeetara gehien iristen garenak, ETBren beraren aurretik ere bai”.

Horri lotuta, publizitatea ere dagokien tamainan eskuratu gura dute. Goienetxek bereziki publizitate instituzionalean jarri du arreta. “Diru laguntzak ondo daude, eta oraingoz beharrezkoak dira. Baina batez ere erakunde publikoen publizitatea banatzeko modua aldarrikatu behar dugu. Badira iragarki batzuk beti hedabide handietan baino agertzen ez direnak, gurean sekula ere ez. Niri berdin dit diru laguntzetan %5 edo %10eko beherapena egiten badidate, trukean eman iezadazu irakurle kopuruagatik publizitate instituzionalean dagokidan beste %25 hori”. Eurek administrazioari ematen diotena —BEZa bidez, esaterako— diru laguntzetan jasotzen dutena baino gehiago dela ohartarazi dute.

Doako hedabideak direnez, ez dute hainbeste nabaritu prentsa idatziak pairatzen duen irakurle galera. Denek gora egin dute. Anboto, gainera, harpidetza kanpainan dago, eta arrakastatsutzat jo du Guenetxeak. Gainera, orain, bariku arratsalde eta zapatu goizetan Iurreta eta Durangoko gune estrategikoetan banatzen dute, nahi duenak har dezan. “Amaitu egiten dira”. Begitu ere 500 Begitu lagun izatera iristeko asmoz dabil. “Helduko gara, eta horrek esan gurako du proiektua sendo eta indartsu dagoela”, baikor agertu da Iruarriazaga. Egun, urtero aldizkaria diruz laguntzen duten 396 lagun dituzte.

Lau aldizkariek Interneten presentzia dute, eta arduradunek “ezinbestekoa” dela aitortu dute. Halere, batzuek besteek baino garrantzi handiagoa ematen diote, nahiz eta guztientzat lehentasuna papera izan. Begitu-k apirilean berrituko du webgunea, 10. urteurrena ospatzeko. “Neurri batean uztartu egin behar ditugu biak. Bateragarri bihurtzea ezinbestekoa da”. Interneten azkartasuna ematen duen heinean, aldizkariari esker gaietan sakontzeko aukera dutela diote. Sagarminagak argi dauka zein den UK-ren egitekoa: “Guretzat gaiak sakonago lantzeak eta edukiak osatuta emateak dauka garrantzia, paperezko edizioa baita oraingoz gure lehentasuna”.