Egun suediar bat

Une batez pentsatu nuen desgraziaren bat gertatu ote zen inguruetan, istripu masiboren bat, Garoñak eztanda egin eta gu enteratu ez, zerbait larria behintzat, hainbeste jende egoteko Gurutzetako pasilloetan hara-hona, astegun buruzurian. Askoz geroago otu zitzaidan seguruenik horrelakoak direla egun guztiak ospitalean. Jendearen marearen erdian zabuka, zoruan pintatutako marra urdin bati jarraituz, zarata zarataren gainean, ez dakit denak zebiltzalako oihuka ala denak marmarka, baina zarata zen, merkatukoa edo patiokoa bezain ozena baina larriagoa, eta akordatu nintzen Frantziako autobideetako atsedenguneekin: ehun pertsona bazkaltzen, tartean berrogei ume, eta zaratarik ez, noizean behin tenedoreen hots metalikoa plateren kontra, hori da Europa, pentsatu nuen.

Ospitaleko jendetzaren artean itota, korridore batean jarri duten Zumetaren margolan itzela ikusteko aukerarik ere ez genuen izan ia (sufrimenduaren erdian edertasunak ez baitu lekurik, inork ez dio kasurik egiten), eta igogailura sartzeko ilarak atzean utzi eta pediatriako kanpo-kontsultetara heltzean, imajinazio handirik gabe pentsa zitekeen hura Balkanetako herri bonbardatu bateko ospitalea zela, hainbeste jende aulkietan, lurrean etzanda, zutik, hormen kontra, joan-etorrian eta urduri. Benetan ez zuen Garoñak eztanda egin, eta gu artean enteratu gabe? Benetan al zen hura nire mundu mendebaldekoa, ordenatua, zibilizatua? Dekadentzia hartatik ihes egiteko modu bakarra zegoen: egin beharreko ekokardiografiak egin eta dena ondo zegoela berretsita, medikuaren alta jaso eta arineketan alde egitea, berdin zion nora, Ikeako jatetxera ere gustura.

Izan ere, asteburuetan Bizkaiko lekurik populatuena eta iskanbilatsuena dena, Ikea alegia, aste barruan izugarri leku lasaia da, bazkalorduan sikiera: oasitxo eskandinaviar harrigarria, brikolajez egindako gastronomia suediarraren parke tematiko perfektua, termatxo bat kanpoko hotzetik babesteko. Harmonia betean egiten du ilara jendeak buffetaren zain, erabakitzen duten bitartean izokina ala txerri-ukondoa jango duten; eta platera betetzen dute barazkiz, astean behin jaten dutelako barazkia eta hain zuzen ere Ikean; eta hiruzpalau kafe hartzen dituzte, lehenengoa ordainduta beste guztiak dohainik direlako; eta isiltasuna eta errespetua da nagusi, irribarreak ume eta emazteei, elkarrizketa lasaiak, hau Europa delako, Europa iparraldea hain justu (Norvegia zatitxo bat baino ez dago gu baino iparralderago kontinentean).

Europa gara, bai, eta kasualitatez ez bagina ere, menturaz norbaitek oihuka esango baligu Barakaldon gaudela, ez sinetsi, albondiga suediar hauek jaten ditugun bitartean inork ez baitigu ilusioa kenduko. Nor akordatzen da Balkanetako herri bonbardatuekin, kafea dohainik ematen duten lekuan? Nork ez du nahi egun suediar bat. Egun suediar luze-luze bat.