Inoren heriotza

Hamabostean behin argitaratzen didaten zutabe hau aurreko larunbatean idazten dut. Eta joan den larunbatean Fragari buruz idaztea bururatu zitzaidan. Hala egin nuen, pentsatuz gaur bizirik egongo zela, urte luzez gainera, zalantza handiak bainituen inoiz hilko ote zen ere. Baina agurea ezin egon inor izorratu gabe, eta esku artean hil zitzaidan, zutabea idatzi eta hurrengo egunean.

Testu haren gai nagusia, baina, ez zen Fraga bera, baizik eta zerbait moralagoa, nahi baduzue. Kontua da, hil baino egun batzuk lehenago, ospitalean sartu zutela katarro batengatik, eta, orduan, Jaime Rodrigues izeneko IUko zinegotzi batek, Twitter bidez, cava-botila aterako zuela adierazi zuen. Makilakada-sorta ederra jaso zuen, eta Rodriguesen herriko beste zinegotzi batek, kasu honetan PPkoak, erantzun zuen esanez inoren heriotza desiratzea “oso oso larria” dela. Horrek eman zidan batez ere atentzioa; izan ere, nik, urrunago joan gabe, jende askoren heriotza desio dut nire indar guztiekin. Dela kontu pertsonalengatik, dela justizia moduren batengatik, ez dago egunik ez dudana norbait mentalki lurperatzen, beti demokraziaren joko-arauen barruan eta indarkeria oro gaitzetsiz: gaixotasun bat, auto istripu bat edo zintzurrean trabatutako albarikoke-hezur bat. Baina, jakina: ez zen nahikoa hitzari eta ekintzari mugak jartzea; pentsamenduari eta desirari ere demokrazia-lezioak aplikatu behar dizkiete orain zuzentasunaren bildots hipokritek.

Zeren bortxatzaileari, adibidez, kartzelan usteltzea desiratzen badiogu, gizartearen babesa jasoko dugu. Eta herrialde urruneko diktadoreari ahots goran opa badiogu heriotza, jendeak txalo egingo digu hain jarrera ausarta izateagatik injustiziaren aurrean. Eta terroristarik bilatuena erortzen denean, mundua bidezkoagoa dela pentsatuko dugu akaso. Bizilagunaren heriotzarik, berriz, ez desiratu inoiz, gauza jakina baita ez diozula inori gaizkia opa behar, ez baduzu nahi zuri berdina gertatzerik. Umetatik entzun dugun txorrotxio kristaua, herriak zintzo demonio irentsi duena, elizako kanpandorrea gainera eroriko ote zaion beldurrez.

Aste honetan, behin baino gehiagotan entzun dut heriotza beti dela tamalgarria, hildako hori pertsona bat delako, ideologikoki antipodetan egon arren. Pertsona izate hutsa dohain sakratua balitz bezala. Eta ez: pertsona, berez, ez da ezer miresgarria; sarri askotan okaztagarria ere bai.

Izate hutsak ez digu errespetagarritasunik ematen, hori ekinean lortu behar da. Eta Fraga kriminala izan zen, galdetu Gasteizen, galdetu Grimau edo Puig Antichen familiei. Behintzat, jaio ez balitz, ez nuke haren heriotza desiratuko. Eta, hala ere, nahiago nuen bizirik, eta epaituta, eta agonia luze batean, albarikoke-hezurra zintzurretik atera ezinda, apurka-apurka itotzen bere gorputz errudunaren barruan, zizareek ere jango ez dutena nazkaren nazkaz.