Cikautxoren egoera politikoaz

Mondragon edo MCCko kooperatiba baten autoritatea da bazkideen Batzar Nagusia. Zuzendaritza batzordea da kudeaketaren arduraduna, eta erantzukizunak bazkideenak dira. Batzar Nagusiak esaten duen moduko kudeaketa izan behar da. Zuzendaritza Batzordeak aukeratzen du gerentea, eta horrek bazkideen borondatea bete egin behar du: kudeaketak Batzar Nagusiaren adierazpena dena bete egin behar du.

1996an Barne araudiko atal batzuk aldatu egin ziren, Osasun eta Lan Arriskuen lege berriagatik.

Baina gerente jaunak, MCCko kortsarioa bihurtuz, mikrofonoa hartuaz batera, boterea ere hartu zuen: “Barne araudia lege berriarekin aldatu dugu, baina hemen gauzak geure erara egingo ditugu” (sic), esan zuen.

Eta osasun eta lan arriskuen mahaiaren osaketa ebentualik gabe gauzatu zen, legea eta Cikautxoko Barne Araudia bete gabe.

Cikautxoko zuzendari batzordeak, hori entzunda, ez zuen zirkinik egin, onartu egin zuten autarkia, diktadura. Eta gerenteak, azken 15 urteetan Lea Artibaiko langileek (batez ere gazteak) jasan duten zapalkuntza zuzendu du.

Hauxe da salaketa. Cikautxoko egoera politikoak diagnosi bakarra du, autarkia, zeren eta batek du autoritate osoa.

Klaseak dauden gizarte batean ideologia nagusia da menderatzaileen klaseena. Euskal Herrian ere ideologia burgesa, kapitalista da nagusia. Erraz ikusten da Cikautxoren kasuan: pila bat jendek bozkatzen du teorikoki proiektu abertzale-sozialista bat, baina gero zapalkuntza onartzen dute: gazteen zapalkuntza.

Ezagutzen dudan neurrian, argi dago MCC kooperatibaren inboluzioa: kapitalismo basati horren balioak onartuta beste edozein korporazio kapitalista arruntaren berdina da.

Deslokalizazioa: hori da globalizazioaren giltzarria: nahiz eta giza eskubidearen aldarrikapen unibertsalak gaitzetsi lan berdinagatik gutxiago ordaintzea, salbuespenik gabe, kapitalistek enpresaren estrategia gisa onartu zuten MCCtik ere bai.

Cikautxo 2, Lea Artibaiko beste planta bat izan behar zuena (kooperatibista, soldata duinarekin, eskubideekin) ghetto bat bihurtu zen: Lea Artibain enpresa txiki askok lan egiten dute Cikautxorentzat, eta langile gazteen egoera larria da: soldata apalak, prekarietatea, errespetu falta, eskubide eza.

Bazkide baten soldataren bi herenarekin ebentualen soldata ordain daiteke. Hori da gerenteak ebentualak ikusi nahi ez izatearen arrazoia, eta, gutxiago, pertsona moduan dituzten eskubideak onartzea: zenbakiak baino ez dira berarentzat.

Bazkideak saldu egiten dituzte euren eskubideak. Ordaina? Lanpostu finko bat, gazteei xurgatutako plusbalioaren zati bat… Baina erantzukizunak ezin daitezke saldu. Eurenak dira.

Gazteen zapalkuntzaren bidez ostutako dirua eskuratzen dute eta gero, batzuek, sozialistak direla aldarrikatzen dute. Hau lotsa!