Berrasten

Aspaldi honetan, gero eta gehiago sumatzen dut ahoz kontatzen hasten naizen kontu oro berba bihurtzen den une berean hasten dela indarra galtzen. Begitantzen zait hausnarrean osatuz joan naizen bihozkada ordenatu hori argaltzen-argaltzen hasten dela ahotik irten ahala, lurruna airean bezala.

Mende erdia gertu izateak sorrarazten duen egonezina ote? Bizi dugun sasoi trumoitsuaren eragina, agian? Krisiaren izenean handi-manditzen doan mamuaren ondorioa, beharbada? Ziurrenik, denetarik apur bat.

Ez pentsa, urteen hondarrak utzitako eskarmentuaz baliatu naiz, susmoari aurre egiten: itxaron, arnasa hartu, ahoa itxi, isildu…

Bai, isildu. Bene-benetan ahalegindu naiz delako burutazio, iritzi, bulkada edo ideia izendatu gabe hori isilpean mantentzen, edukiontzi egokienaz kanporatzeko zain. Baina, ka!, behin eta berriz gertatzen zaidan fenomeno baten aurrean gaudenez gero, hiruzpalau egunera biltegia beteta eta paparra gainezka sentitzen ditut, eta, orduan, amig@, iturria zabaltzeko ordua iristen da.

Bale, gauzak esateko beste modu batzuk ere badaude, esango didazue. Ahozko diskurtsoa ez da hitz egiteko modu bakarra. Arrazoi. Dantzan egin dezakegu, marraztu, kantatu, oihu egin, borrokatu, besarkatu, musukatu… Hitzak haizearekin desegiten direnerako asmatu ei ziren aditzak, hots, ekintzak, hots, akzioak. Ezta?

Bai, baina, hastear dagoen aldi berri honen matrikula Hitzarena ei da, letra larriz nahiz xehez jantzia: berdinen eta ezberdinen artean berriro bizitzen hasteko ordua ei da, hitza eta elkarrizketa bitarteko direla.

Mircea Eliace filosofoaren Betiereko itzuleran mitoa datorkit burura. Liburuan azaltzen duenez, nekazari gizarteentzat denbora ez ei zen lineala, baizik eta borobila, ziklikoa; Naturari estuki loturik bizi zirenez gero, beraientzat ezer ez zen eteten edo amaitzen, berraldaturik berriro hasten, baizik. Beraz, betiereko itzulerari zor, aroak, gertaerak eta aldiak, ziklikoki jazoko lirateke, nahiz eta aldian aldiko bideak erantsitako kolorez lagunduta izan. Betiereko itzuleraren mitoko denbora, nolabait irudikatzearren, antzeko eraztunez osaturiko espiral amaigabea litzateke.

Nik ez dakit gure arbasoek bizi izandako ziklo baten faksimilean sartzear gauden ala ez. Egia esan, ez dakit zer ziklo edo eraztun ari den amaitzen ere. Argi dago, baina, ahitu direla diruak, ahitzear daudela natur-baliabideak eta, ondorioz, berehala agortuko ez diren iturrietara jo beharra dugula, biharamun berria eraiki nahi badugu, behintzat.

Bai, aspaldi honetan, gero eta gehiago sumatzen dut berbetan hasten naizen une berean hasten dela hitza indarra galtzen.

Horregatik hasi naiz paseatzen, ozenki irakurtzen, begiekin besarkatzen eta iragan eraztunetakoen esanak berridazten, originala izateko aukera ere ziklikoki berritzen zaigulako berrasten garen bakoitzean.