Sopelan euskara sustatzeko blog bat aurkeztuko dute

Sopelan, euskaraz atseginez! egitasmoaren barnean martxan jarriko den blog bat aurkeztuko dute urtarrilaren 10ean, 20:00etan, Sopelako udaletxean. Proiektuak herriko merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera sustatzea eta normalizatzea du helburu, eta 2011ko martxoan abian jarri zen Uribe Kostako Mankomunitateko euskara zerbitzuak, Sopelako Udalak eta Aitxu!-k egindako elkarlanari esker, eta Sopelako zenbait gizarte eragileren babespean. Blogean berriak, elkarrizketak, egitasmoari atxikitako saltegien fitxak, merkatari eta ostalarientzako baliabideak, argazkiak eta bideoak izango dira. Dendariei lana euskaraz egin ahal izateko laguntza eskaintzen die proiektuak.