Lanbideko “kaosak” milaka familia laguntzarik gabe utzi dituela salatu dute

Hainbat elkarte sozialek salatu dutenez, Bizkaiko milaka familiak jasotzen zituzten laguntza sozialak dagoeneko ezin dituzte jaso, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko bulegoetan nagusitu den “kaosaren ondorioz”. Horrez gain, elkarteok gogorarazi dute langabezia saria bukatu zaien ehunka herritarrek ez dutela aukerarik gizarte laguntzak jasotzeko.

Hain zuzen, salatu dutenez, orain dela gutxira arte udaletako gizarte zerbitzuek eta aldundietako Gizarte Ekintza sailek kudeatzen zituzten hainbat zerbitzu Lanbideren esku geratu direnean sortu da arazoa. Honako hauek dira laguntza horiek: pentsio osagarriak, diru sarrerak bermatzeko errenta, etxebizitzarako prestazio osagarria eta lansarien errenta osagarria.

Elkarte hauek egin dute salaketa: Bilboko Argilan Asamblea de Invisibles ikusezinen batzarra, Berri-Otxoak, Euskadiko Gazteriaren Kontseilua, Danok Lan, Elkartzen, Munduko Emakumeak, SOS Arrazakeria eta Besarkatuz. Horiek ez ezik, Lanbideko beharginek, zerbitzu horretako Bizkaiko dozena bat bulegotako zuzendariek eta erabiltzaileek eurek ere salatu dute Euskal Enplegu Zerbitzu berria ematen ari den “zerbitzu eskasa”.

Haien ustez, Eusko Jaurlaritzak “zalaparta handiz” aurkeztu zuen zerbitzu berria, baina ematen duen zerbitzu “eskas” horrek “legedia urratzen du argi eta garbi, baita herritarrek berehala arta ditzaten duten eskubidea ere”. Horrez gain, Bizkaiko elkarteon ustetan, Eusko Jaurlaritzak 2012. urterako onartu duen gizarte arloko murrizketa nagusia aplikatzeko egin du jendaurreko aurkezpen hori; hain zuzen, gizarte laguntzen zenbatekoa %7 murrizteko. Salatu dutenez, bide horretatik “milaka familia bazterketara eta pobreziara kondenatuko dituzte”.

Ikatza arduradunentzat

Hori guztia salatzeko, protesta berezi eta ikusgarri bat egin zuten elkarte horietako kideek joan den eguaztenean. Lanbidek Bilbon —Mazarredo kalean— duen egoitzara joan ziren Ekialdeko hiru Errege Magoak, eta zenbait ikatz zaku utzi zituzten bertan.

Ikatz hori norentzat zen ere jakinarazi zuten: Javier Ramos Lanbideko zuzendari nagusiarentzat, Javier Ruiz Planifikazio eta Enplegu sailburuordearentzat eta Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarentzat. Langabeen, lan ezegonkorra dutenen eta baliabide ekonomiko urriak izanik gizarte laguntzak jasotzen dituzten eskubide sozialak urratzen dituztela iritzita utzi zizkieten opari horiek.