Hazi bai, eskolan kalean baino gehiago

Elebidunen kopurua etengabe handitu da Ezkerraldean hezkuntza sisteman euskara irakasten denetik. Euskaldun oso eta elebidun hartzaile gehiago daude lau udalerrietan, B eta D ereduetako matrikulazioak gehitu diren antzeko neurrian.

Barakaldon, 1981ean zegoen euskaldun bakoitzeko sei zeuden 2001ean. Bizkaiko hiri populatuenetatik bigarrena da, eta, hala, 1981ean biztanleen %1,38 euskalduna zen, eta 2001ean, berriz, barakaldarren %9,6 gai ziren euskaraz egiteko, ulertzeko eta idazteko. Elebidun hartzaileen kopurua ia hirukoiztu egin zen hogei urteko tartean, biztanleen %20,4 osatu arte. Beste hiru udalerrietan ere, antzeko joera izan du hizkuntza gaitasunak: bost bider handitu da euskaldun osoen kopurua, eta populazio osoaren ehuneko bertsua osatzen zuten 2001ean; zehazki,%10,8 Sestaon, %11,8 Santurtzin, eta %12,4 Portugaleten. Elebidun hartzaileak ere biztanleen %20 inguru dira beste hiru herrietan.

Azken hamarkadako datuei so eginda, matrikulazioek ere antzeko joera izan dute lau udalerrietan: A ereduak behera egin duen neurrian handitu da B eta D ereduetako ikasleen kopurua. 2001ean, lau herrietan nagusitzen zen gehienbat gaztelaniazko eredua, eta 2009rako egoerak ageriko bilakaera izan du. Azken urte horretan, A ereduak izan zuen matrikula gehien Santurtzin, aurreko urteetan bezala —ikasleen %45,6—; B eredua nagusi zen Barakaldon —matrikula guztien %44,5—; eta D ereduak biltzen zuen ikasle gehien Sestaon (%43,3) eta Portugaleten (%51,3). Dena den, egun Batxilergoan eta Lanbide Heziketetan gaztelaniazko eredua nagusitzen da.

Erabilera urria

Hizkuntzaren kale erabilera oso urria da oraindik ere Ezkerraldean. 2001ean, Barakaldon 281 pertsonak baino ez zuten gehienbat euskaraz egiten, 106k Sestaon, 277k Portugaleten, eta 252k Santurtzin. Bi hizkuntzak erabiltzen dituztenen kopuruak handiagoak diren arren, hobetzeko tarte handia dago oraindik.