Gotorlekua, zabalik

Madariaga dorretxean dagoen Euskadiko Biodibertsitate Zentroak hainbat ekitaldi antolatu ditu Gabonetako azken astebururako. Gaur itxita egongo da Errege eguna delako, baina bihar eta etzi, egunero bezala, zabalik egongo dira erakusketa iraunkorra eta basoei buruzko aldi baterako erakusketa. Horrez gain, hainbat ekintza eta txango egingo dituzte Urdaibaiko biosfera erreserba betean.

Hasteko, biharko, larunbaterako, Urdaibaiko padurak izeneko ibilbide gidatua antolatu dute. Gainera, paduretako flora eta faunaren aberastasuna ezagutu ostean, dorretxera joan eta hango erakusketak ikusteko aukera ere badago bisitaldi horretan. Guztia, bost euroren truke. Arratsaldean, gainera, bisitaldi berezi bat egingo dute 3 eta 12 urte bitarteko umeentzat; 17:30ean hasiko da, ordubete iraungo du, eta doakoa izango da.

Igandean, berriz, egun guztian aukera egongo da Biotrack jokoan parte hartzeko; natura eta kultura ezagutzeko aukera eskaintzen du ordu eta erdian, iparorratzari, hainbat planori eta bidean aurkitutako jarraibide batzuei esker. Horretaz gain, 10:30ean txango bat egingo dute San Antonio hondartzara eta Txatxarramendi uhartera. Azkenik, 17:30ean Planeta Agua (Ura planeta) izeneko dokumentala jarriko dute dorretxean bertan, doan.

ASTEBURUKO EKINTZAK

Non. Busturiko Madariaga dorretxean.

Noiz. Bihar eta etzi.